San Joan Txikiren festa handia Olaberrian
Egun osoko jardunaldia izango dute bihar olaberritarrek, musika, kirola eta tradizioa uztartuta. Etxeko txikienek ere izango dute zer gozatu kale ikuskizunarekin. Egunerokoan hasi aurretik, abuztua agurtzeko modu berezia da San Joan Txikirena.
Olaberriko San Joan Txiki eguneko irudia, artxibokoa.Aimar Maiz Olaberritarrek badute udara agurtzeko usadio propio bezain berezia. San Joan Txiki festa. Jai nagusiak udaren hasieran, sanjoanetan ospatzen badituzte ere, badute egutegian gorriz markaturiko beste egun garrantzitsu bat. San Joan santua abuztuaren 29an hil zutenez, biharko eguna ere ospakizun da olaberritarrentzat; bizilagun askorentzat San Joan egunak udaren hasiera irudikatzen du eta San Joan Txikik, berriz, bukaera. Egunerokoan hasi aurretik bertako bizilagunen azken festa da.
Ohiko ospakizuna
Urte luzez tradizio garrantzitsu bihurtu den eguna da biharkoa. Festa-eguna izango dute Olaberrian, adin guztientzat aproposa izango dena. Goizean goiz emango diote jardunaldiari hasiera. 11:00etan, mezarekin hasiko dute eguna eta herritar guztiei mokadutxoa eskainiko die udalak bukatu bezain pronto (12:00). Bi ekitaldi horiek osatuko dute goizeko egitaraua.
Arratsaldean, berriz, haurrak izango dira protagonista nagusi. Izan ere, 17:00etan, Artilusio ikuskizuna izango da ikusgai herriko kaleetan barrena. Markeliñe antzerki konpainiaren proiektua da, eta Greta izeneko adineko irakurle baten inguruan eraikitzen den makina magiko bat aurkezten du, liburuz elikatuta.
Ikusmin handia
Urteetan zehar ohiko osagai bihurtu diren pilota partidek ere izango dute lekua. Urteetan zehar herriko frontoia zalez bete izan du, ikusmin handia sortuta. Hartara, aurtengoan ere, 18:00etan hasita, bi partida izango dira, eskuz binaka jokatuko dituztenak: Agirre eta Aranburu olaberritarrek Arrieta lazkaotarraren eta Artola abaltzisketarraren aurka neurtuko dituzte indarrak; eta Landa eta Munduate bikote zegamar-olaberritarrak Perez legazpiarra eta Alberdi ordiziarra izango ditu aurkari. Sarrera dohainik izangoa da.
Bukatu eta segidan, trikitilariak arduratuko dira arratsaldea girotzeaz, herritarrak dantzan eta kantuan jarrita. 21:00etan herri afaria izango da. Bertaratzeko txartela eskuratu ez duenak, oraindik ere izango du bertaratzeko aukera, udaletxean txartela erosita edota Zezilionean. Iluntzean, berriz, Oilar Beltzak erromeri taldea izango da gaua girotzen.













