Ugaro eskolako leihoak aldatuta, kiroldegiko lanak amaitzea falta
Harripila kiroldegia barrutik margotzen ari dira egunotan.
Legorretako Harripilla kiroldegia margotzen ari dira egunotan. Loinaz Agirre Uda garaia aprobetxatuz, hainbat lan egiten ari dira azken asteetan Legorretan. Batetik, Ugaro eskolako leihoak aldatu dituzte. 31.838,73 euroko aurrekontua izan du eta Legorretako Udalak 21.000 euroko diru laguntza jasoko du lan horretarako.
Bestetik, Harripila kiroldegian ere hainbat lan egiten ari dira. Teilatu-hodiak aldatu dituzte batetik (aurrekontua, 39.704,34 euro) eta bizi-lerroa ere jarri dute (5.663,20 euro). Margotze lanei dagokienean, kanpoko aldea margotu ondoren, orain barruko aldearekin ari dira lanean (aurrekontua, 15.657,40 euro). Kanpo aldeko lanei dagokienean, metakrilatoetako pintaketak garbitzea eta egurrezko bankuen txukunketa lanak ere datozen egunetan egingo dituzte.
Kaleko seinaleztapenak
Kaleko seinaleztapenen pintaketak ere egitekoak ziren abuztuan (aurrekontua, 20.573,02 euro), baina eguraldia tarteko atzeratu behar izan dituzte. Eguraldiak lagunduz gero, irailean egingo dituzte.

Ugaro Herri Eskolan leihoak berritu dituzte.Loinaz Agirre













