17 ikastaro ikasturte berria hasteko
Idiazabalgo Udalak 17 ikastaro proposatzen dizkie herritarrei ikastaro berrirako. Izen ematea gaur ireki dute, hilaren 14ra bitartean.
Izalbira ibilaldi osasuntsuak asteartero egin ohi dituzte Idiazabalen. Arkaitz Apalategi Herritarrei zuzendutako 17 ikastaro antolatu ditu Idiazabalgo Udalak ikasturte berrirako. Urtero arrakasta izan ohi dutenak errepikatuko dira aurten, baita tartean, berrikuntzaren bat edo beste ere. Udaleko Kirola, Euskara eta Kultura, Ahalduntze eskola eta Ongizate sailek antolatu dituzte ikastaroak eta gaurtik irekita dago jada izena emateko epea. Irailaren 14ra arte egongo da zabalik.
Kirol sailetik zazpi ikastaro eskainiko dituzte: spinning, yoga, TRX, GAP, pilates, mantentze soinketa, Gaztefit eta tai-chi. Euskara eta Kultura sailak lau proposamen dakartza: egur lanketa, joste lanak, helduentzako zeramika —ikastaro berria izango da— eta euskara. Emakumeen Ahalduntze eskolak Amak tribuan, Kosmetika naturala eta Sexualitatea eta emakumeak bizitzan zehar izeneko saioak eskainiko ditu, guztiak berriak. Azkenik, hiru jarduerek osatuko dute Ongizate sailaren eskaintza: oroimen tailerra, Izalbira eta lehen sorospenak.
Izen ematea on-line edo aurrez aurre egiteko aukera izango da. Idiazabal.eus helbidean eman daiteke izena telematikoki edo liburutegian aurrez aurre. Liburutegian izena emateko ondoko datak zehaztu dituzte: gaurtik irailaren 5era arte, 9:30etik 13:00etara; irailaren 8tik 11ra, 10:30etik 12:30era eta 16:00etik 19:00ra; eta irailaren 12an, 9:30etik-12:30era. Aurrez zehaztu bezala, irailaren 14a izango da izena emateko azken eguna.
Behin behineko zerrendak
Behin epea itxita, irailaren 19an izena eman duten guztien behin behineko zerrendak argitaratuko dira. Ikastaro bakoitzeko izena eman dutenen kopuruaren arabera, zozketa egingo da eta ikastaro bakoitzean esleitutako plazen zerrendak argitaratuko dira.
Ikastaro guztiei urriaren 1ean emango zaie hasiera; hortik aurrera, 15 eguneko epea egongo da ikastaroetan baja emateko. Informazio guztia ikusgai dago Idiazabalgo Udaleko web gunean













