39. ikasturteari ekingo diote Toberan
Datorren astean hasiko dute ikasturte berria. Irailaren 10ean hasiko dituzte klaseak, berrikuntzekin.
Toberako dantzariak aurten, Zegamako sanbartolometan. Tobera Irailaren 10ean hasiko du Mutiloa, Segura, Zegama eta Zeraingo Tobera musika eta dantza eskolak ikasturte berria; 39.ena izango da aurtengoa. Klaseak datorren asteko asteazkenean hasiko dituzte, baina aurretik, irailaren 9an —asteartea— ikasturte berrirako antolatutako ordutegiak banatuko dizkiete musika tresnetako ikasleei Zegaman eta Seguran.
Ohiko eskaintzaz gainera, dantza eskaintza indartu nahi izan dute aurten, eta horren harira «egituraketa berria» izango dutela aurreratu du Iker Gomez de Segura Tobera musika eta dantza eskolako zuzendariak. Egitura berrituari dagokionean, «astean saio gutxiago eta trinkoagoak» izango dira eta «dantza modernoko saioak» tartekatuko dituzte. Pasa den urtean horren «arrakastatsuak» izan ziren helduentzako dantza eskolak ere eskainiko dituzte aurten, iaz bezala, hilean behingo maiztasunarekin.
Organoa eta panderoa
Dantzaz gain, «horren ohikoak ez diren» organo eskolak eskaintzen ere jarraituko dute Segurako eta Zegamako elizetan. Aurtengo berrikuntzetako bat izango dora, besteak beste, pandero ikastaro laburrak, «edonorentzako irekiak» eta laster eskaintzen hasiko direnak. Bi izango dira ikastaroak, «bat hasiberrientzat, zerotik hasita; eta beste bat panderoa bere garaian jo, baina dagoeneko ahaztuta dutenentzat, ezagutza freskatu eta hobetzeko», zehaztu du Gomez de Segurak.













