Argazkia eta historia uztartuko dituzte Indianoen etxeak ardatz dituen bisita gidatuan
Larunbat honetan izango da, 11:00etan Arraitzenean hasita. Joxe Mari Telleria eta Andoni Gomezek antolatu dute. Eraikinen bitxikeriak jakitera emango dituzte, besteak beste.
Pilarrenea eraikina, gaur egun erabilera publikokoa da Idiazabalen. Joxe Mari Telleria Joxe Mari Telleria eta Andoni Gomez Aldanondo idiazabaldarrek Indianoen etxeetatik bisita gidatua antolatu dute larunbat honetarako. Telleriak Nafarroa 23 argazki estudioa du Beasainen —lehen Fotoetxe— eta Gomez Aldanondo historia irakaslea da lanbidez. Argazkigintza eta herriko historia uztartuko ditu XX. mendean Ameriketarako emigratu zuten idiazabaldarrek eraikitako etxebizitzak ardatz dituen ekimenak. Dagoeneko 14 bat pertsonek eman dute izena, «erdiak idiazabaldarrak», zehaztu du Telleriak. Oraindik izen ematea irekita dago, 651 70 15 65 zenbakira whatsapp bat bidalita. Izen emateak 10 euroko kostua du eta bisita amaitutakoan modakutxo bat egingo dute herriko elkarte batean sagardoa eta gazta dastatuz.
Bisita gidatuak bi ardatz izango ditu: Indianoen etxeen inguruko historia jendeari ezagutzera ematea batetik, eta mugikorrarekin eraikinei argazkiak ateratzeko hainbat gako ematea, bestetik. «Informalki argazkiaren inguruko ekarpen txiki bat egingo dut nik, argazkilaria naizen aldetik, baina garrantzia besteak badauka», adierazi du Telleriak.
Eraikinek gordetzen dutena
Idiazabalen Indianoen etxeak bezala ezagutzen diren eraikin horiek badituzte hainbat berezitasun. Haien historia ezaguna da ia gehienentzat, baina bisita honen bitartez, eraikin bakoitzaren atzean dagoen bitxikeriaren bat ezagutzera ematea da helburua. «Eraikinek berez, baten bat edo beste kenduta, ez dira artistikoki bereziki erakargarriak. Gure bisitak egingo duen ekarpena da etxe bakoitzaren eta familia bakoitzaren atzean, emigrazioaren inguruko aspektu zehatzen baten inguruko bitxikeriak jakitera ematea», azaldu du historialariak.
Ez du xehetasunik aurreratu nahi izan, baina emango duten informazio berezienen artean dago Idiazabal jatorrizko izenarekin zerikusia duen bat: «Bisita honen bitartez jakin ahal izango da Idiazabal ez dela bakarra munduan. Ameriketan —Argentinan— ere badago beste bat eta horrekin lotutako historia ere azalduko da», aurreratu du.
Beste bitxikeria batzuk
Guztira, 12 bat dira Indianoen etxeak bezala ezagutzen diren eraikinak Idiazabalen. Bisita hau, ordea, bost eraikin aintzat hartuta antolatu dute, «badago eraikinen bat artistikoki oso polita dena baina bisitaren helburuekin bat egiten ez duena, atzetik istorio berezik ez duelako», dio Gomez Aldanondok.
Arraitzenean emango diote hasiera bisitari larunbatean 11:00etan. Txomenane, Floreaga, Jauregialtzo eta Pilarrenea bisitatuko dituzte gero. Geldialdi bakoitzean erakinaren edo bertan bizitzako familiaren bitxikeriak azalduko dituzte, «erakin batek, adibidez, badu lorategiarekin lotutako informazio kuriosoren bat; beste batek familiaren herentziaren inguruko xehetasunen batzuk. Ameriketara joan ziren idiazabaldar haiek zertan aritzen ziren kontatuko dugu, baita Ameriketara barkuz egindako bidaietako batean geratutako istripu baten berri eman ere».
Larunbatekoa ez da Idiazabalen antolatu duten lehendabiziko bisita. Ekainean egin zuten beste bat, Gurutzetako ermita eta inguruak ezagutzera emateko. Gehiago antolatzea ere litekeena dela aurreratu dute.












