Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegia ohiko ordutegira itzuli da, berrikuntzak amaituta
Ohiko ordutegia berreskuratu du, eta erabilgarri daude berriz ere bi igerileku estaliak. Aire zabaleko igerilekua, berriz, igandean itxiko da.
Prest dira berriz ere bi igerileku estaliak. Lazkaoko Udala Udara amaitutzat emanda, Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegiak bere ohiko ordutegia berreskuratu zuen atzo. Hemendik aurrera, astelehenetik ostiralera goizeko 7:00etatik gaueko 21:45era egongo da zabalik. Larunbateetan, berriz, eguerdian itxiko da, eta bertaratu nahi duenak goizeko 9:00etatik 13:30era edota arratsaldeko 16:00etatik gaueko 20:00etara joan beharko du. Igandeetan, azkenik, goizeko ordutegian mantenduko da zabalik, goizeko 9:00etatik 13:30era.
Bestetik, estali gabeko igerilekuaz gozatzeko azken egunak aprobetxatu beharko dituzte lazkaotarrek, izan ere, igandetik aurrera, irailak 7, berriro ere itxiko dira. Bitartean, goizeko 11:00etatik 20:30era egongo dira zabalik, herritarrek udako azken egunak aire zabalean aprobetxa ditzaten.
Berrikuntzak prest
Eta ez hori bakarrik. Abuztuan zehar kiroldegiko igerilekuak berritzeko eta handitzeko lanek ere “urrats garrantzitsua” eman dutela azpimarratu du Lazkaoko Udalak; behin betiko sarbide berriaren lanak amaituta, bi igerileku estaliak irekita daude. Bata, 25 x 12,5 metrokoa igeriketa praktikatzeko bideratua izango da, eta, bestea, berriz, 12,5 x 8,5 metrokoa familian gozatzeko eta errehabilitazio zein indartze jardueretarako, besteak beste.












