Barandiaranen izena eta izana, bi egunez
Bihar eta etzi egingo dituzte ataundarraren omenezko jardunaldiak, hirugarren urtez. Arkeologia, Etnografia eta euskal mitologiara egindako ekarpenetan sakonduko da.
Mujika zuzendaria, Erkizia errektoreorde ohia, Aramendi alkatea eta Zaldua Parketxeko kidea, 2023an.Aimar Maiz Hirugarren urtez jarraian Jose Migel Barandiaranen memoria eta hark egindako ekarpenak gogora ekarriko dituzte bihar eta etzi Ataungo Herri Antzokian, Jose Migel Barandiaranen ekarpena Arkeologia, Etnografia eta euskal mitologiara ikastaroaren barruan. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Uda Ikastaroak Fundazioaren bidez udan antolatzen dituen ikastaroetako bat da bi eguneko jardunaldia. Jose Antonio Mujika Alustiza EHUko irakaslea da ikastaroaren zuzendaria.
Ekarpenen aitortza
Bi dira ikastaro honen helburuak: batetik, Barandiaranen ondarearen eta hark landutako ikerketa esparruen azterketa zientifikoa sustatzea eta egindako ekarpenak aitortzea, eta, bestetik, euskal kulturari eta euskal identitateari buruzko gogoeta eta transmisioa sustatzea.
Hori dela eta, zenbait gaietan sakonduko da bi egunetan zehar egingo diren hitzaldi eta solasaldietan: Euskal Historiaurrearen oinarriak finkatu zituen diziplina anitzeko aurreneko ikerketa taldean, Barandiaranen lanak garaiko gizartean txertaturiko moduan, euskal mitologiako pertsonaia entzutetsuenen eta megalitoen onomastikaren inguruko hausnarketan eta azken mende eta erdian euskaldunen jatorriari buruz aurkeztutako hipotesien analisian. Hartara, aurtengoan, Barandiaranek Arkeologiara, Etnografiara eta euskal mitologiara egindako ekarpenetan sakonduko da.
Aurrez izena eman
Gaian adituak diren idazle, antropologo, historialari, etnografo eta filosofoak izango dira hizlariak. Tartean izango dira urtero hitza hartu duten Juan Inazio Hartsuaga eta Anuntxi Arana: aurrenekoak bihar emango du hitzaldia, eta Aranak, berriz, etzi. Biak ordu berean dira. Hitzaldi gehienak euskaraz izango diren arren, ostiraleko saioetako bat gazteleraz eskainiko da.
Antolatzaileek bertaratzeko interesa izan dezakeen edonori luzatu diote gonbita. Jarduera bakoitza doakoa da eta ez da derrigorra hitzaldi denetara joatea, norberak nahieran aukeratu baitezake zer ikusi eta zer entzun. Hala ere, aurretiaz izena ematea beharrezkoa izango da, UIK-ko web orrian eskura daitekeen orrian izena emanda.
Egitaraua
Bihar, irailak 4
09:00-09:15: Erregistroa.
09:15-09:25: Jardueraren zuzendaritzaren aurkezpena (Juana Goizueta – EHUko Gipuzkoako Campuseko Errektoreordea).
09:30-10:20: Telesforo Aranzadi, J. M. Barandiaran eta Enrique Eguren hiru troglodita goibelen bizitza eta ikerketak, Alvaro Arrizabalaga EHUko Historiaurreko Katedradunaren eskutik.
10:30-11:20: Burdin Aroko jendartea mendebaldeko Pirinioen bi aldeetan J.M. Barandiaranen lanetatik azken ikerketa arkeologikoetara, Mattin Aiestaran Aranzadiko Zientzia Elkarteko kidearen eskutik.
11:30-12:30: Mari eta Sugaar. Usteak erdi ustel?, Juan Inazio Hartsuaga idazlearen eskutik.
12:30-13:30: J.M. Barandiaran, euskal identitatearen forjaria, Pruden Gartzia euskaltzain urgazlearen eskutik.
Etzi, irailak 5
09:30-10:30: Megalitoen izenak euskal tradizioan, Luis Mari Zaldua Gipuzkoako Parketxe Sareko kide eta euskaltzain urgazlearen eskutik.
10:30-11:30: Barandiaran: Euskal Pizkundearen sakonean gizabide bila, Jon Mentxakatorre Mondragon Unibertsitateko irakaslearen eskutik.
11:30-12:30: Familiariak (prakagorriak) Euskal Herriko Mendebalde eta Ekialdean, Anuntxi Arana irakaslearen eskutik.
12:30-13:30: La genética y el origen de los vascos: entre el mito y la ciencia, Iñigo Olalde EHUko IkerBasqueko ikerlariaren eskutik.













