GO07 linea indartzeko eskea
Goierri Donostiarekin lotzen duen GO07 autobus lineak harrera bikaina izan du sortu zenetik, baina ordu jakinetan zerbitzua bete egiten da, eta asko izan dira autobusa hartu ezinik gelditu direnak Beasainen eta Ordizian, unibertsitate ikasleak batez ere. Hainbat eskaera egin dizkiete erakundeei.
Erabiltzaileak Goierri-Donostia autobusa hartzen, atzo, 10:30ean, Beasaingo tren geltokian. Iñaki Gurrutxaga Goierri-Donostia autobus zerbitzuak 16.000 erabiltzaile izan ditu lehen asteetan». Ekainaren 13an plazaratu zuen datu hori Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko diputatuak Goierriko hiru alkate lagun zituela Donostian egin zuen agerraldian. Martxan jarri zen egunetik, apirilaren 28tik, ekainaren 4ra arteko datuak ziren. «Herritarrek harrera bikaina egin diote zerbitzu honi, eta horrek argi erakusten du linea hau martxan jartzeko beharra zegoela», nabarmendu zuen Dominguez diputatuak.
Harrezkero beste hiru hilabete igaro dira, eta goierritar dezentek adierazi dute inoiz erabili dutela autobus hori, horietako askok autoz edo trenez mugitzeko ohitura zutenak. Erosotasuna eta prezioa dira erabiltzaile horien ahotan entzuten diren hitzak. Bestelakoak ere izan dira ordea. Gertatu izan da Donostiako geltokian autobusa hartu eta kanpoan geratu direnak, Antiguako Zumalakarregi hiribidean autobusaren zain egon eta gidariari lekurik ez dagoela entzun behar izan diotenak, edota goizeko lehen bi zerbitzuetan unibertsitatera joateko autobusa hartu nahi izan, eta Beasainen eta Ordizian sartu ezinik geratu diren ikasleak. Batzuetan errefortzuko zerbitzuak egon dira, beste kasu batzuetan ez.
Idatzia erakundeei
Iaz ere Goierri-Donostia Unibertsitate Garraio Elkarteak saiakera bat egin zuen goizean Ibaetara joan eta arratsaldean Goierrira itzultzeko autobus bat martxan jartzeko. Ez zuten lortu ekonomikoki bideragarri izango zen aukera bat sortzea, eta erakundeen aldetik zerbitzu hori martxan jartzeko borondatea bazegoenez, bere horretan geratu zen ahalegin hura. Zerbitzua martxan jarri zen udaberrian, baina Beasainen eta Ordizian autobus hori hartu nahi izan duten ikasleei ez die askorako balio izan. Hori dela eta, idatzi bat bidali zieten uztail bukaeran Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Lurraldebusi eta Goierriko udalei. Oraingoz Lurraldebusek soilik erantzun dio mezuari, hitz hauekin: «Momentuz ez daukagu horren inguruko informaziorik, ez du esan nahi ez denik jarriko».
Idatzi horretan eskaera nagusi bat dago, GO07 linean unibertsitate ikasle guztientzat tokia bermatzea. Ikasleek zerbitzu horren «ohiko erabiltzaile» izan nahi dutela diote, eta era berean «eragozpen handiak» sortzen ari zaien egoera bat salatu: «Unibertsitateko ikasleentzat irtenbide gisa aurkeztu zen, baina eskaera handia izan da, eta hori positiboa da. Hala ere, behin eta berriz errepikatzen ari den arazo bat gertatzen ari da: autobusak erabat beteta iristen dira Beasaingo eta Ordiziako geltokietara, eta bertan zain dauden erabiltzaileek ezin dute igo eta zerbitzua erabili».
«Aukera oso on bat zen guretzat, baina ez dugu erabili lekurik gabe geratzen ginelako»
Naroa Ibarguren. Ordiziar ikaslea
Diotenez, egoera horrek «ibilbide alternatiboak» bilatzera behartzen ditu: «Baina hori ez da beti bideragarria, ezta eraginkorra ere. Ondorioz, hurrengo egunetan ez gara saiatu ere egiten autobus zerbitzu hori erabiltzera».
Harago ere badoa ikasleen irakurketa, eta diote egoera horrek ez diola soilik eragiten kaltetuetan puntualtasunari eta eguneroko antolaketari. «Garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuaren kontra ere egiten du alternatiba jasangarri eta irisgarri gisa. Gure ustez garraio publikoa ez da soilik zerbitzu bat, funtsezko elementu bat baizik hezkuntza bezalako oinarrizko eskubideetarako sarbidea bermatzeko».
Ikasleek inkesta bat ere jarri dute martxan lotura honetan zerbitzuaren erabilpenaz haien iritzia emateko.
Ikasle baten lekukotza
Naroa Ibarguren ordiziarraren esanetan, zerbitzu hori martxan jarriko zela jakitea «albiste oso ona» izan zen ikasleentzat. «Ordura arte egiten genuena zen Tolosara trenez joan, eta han hartu autobusa Donostiara. Ordu t’erdi behar genuen Ibaetara iristeko, eta zerbitzu honekin ordubete baino gutxiago». Kontua da, iazko ikasturtean erabili ere ez duela egin: «Azkenean zen aukera bat oso ona, baina ez dugu erabili lekurik gabe geratzen ginelako. Guretzako ez da ezer aldatu. Odisea bat da eskolara joatea».
GAKOAK
ESKAERAK ERAKUNDEEI
- Edukiera: Egungo zerbitzuaren edukiera berrikustea.
- Maiztasuna: Jende gehien biltzen den ordutegietan maiztasuna handitzea.
- Errefortzua: Maiztasuna handitzen ez bada, errefortzuko autobusak jartzea.
- Linea gehigarria: Beasain/Ordiziatik abiatuko litzatekeen linea gehigarri bat sortzeko aukera aztertzea.
- Tokia bermatzea: Tokia bermatzeko beste sistema batzuk ezartzea baloratzea.
IKASLE INKESTAREN ONDORIOAK
- %100: Galdetutakoen %100ek unibertsitate autobusa erabili nahi dute datorren urtean.
- Erabilera orduak: Kasu gehienetan ordutegiak errepikatu egiten dira.
- Ordu erabilienak: Goizean 6:31 eta 7:31 –Beasaindik igarotzen den ordua–, eta itzuleran 13:58 eta 14:48 Ibaetan.













