Inoizko kontratu handienetik gertuago dago CAF
Bigarren helegitea aurkeztu du Alstomek. Belgikako Estatu Kontseiluko auditoreak Alstomen helegitea ukatzea gomendatu du.
CAFen lantegia Beasainen.Ariane Vierbücher Belgikako SNCB tren-zerbitzu publikoarekin inoizko kontratu handienetik gertuago egon daiteke CAF enpresa, Belgikako Estatu Kontseiluko auditoreak Alstomen bigarren helegitea ukatzea gomendatu baitu. Ez da erabaki loteslea, baina Estatu Kontseiluaren erabakian eragina izan dezake.
Belgikako tren-zerbitzuak Beasaingo enpresa aukeratu zuen lehentasuneko esleipendun hasiera batean gutxienez 180 tren egiteko 1.695 milioi euroko kontratuarekin, luzera 3.400 milioi euroraino iritsi zitekeena, 600 tren egiteko. Martxoan, baina, negoziazioak eten zituzten bi aldeek, Alstom eta Siemens Mobility enpresek epaitegietara eraman zutelako auzia eta Estatu Kontseiluak zehaztu zuelako harremanak eten behar zirela.
Uztailean jakinarazi zuten: SNCBko Administrazio Kontseiluak berretsi zuen CAF zela lehentasuneko esleipenduna eta harekin lotuko zuela kontratua. Baina abuztuaren erdialdean beste helegite bat aurkeztu du Alstomek. Aste honetan Estatu Kontseilua bildu ondoren, datozen asteetan emango dute erabakiaren berri.













