Pradalesek esan du "agian gogoeta etikoa mahai gainean jarri" behar dela CAFek Israelekin duen kontratuaren harira
Eusko Jaurlaritza CAFeko akziodunetako bat da. Lehendakariak adierazi du "CAFek hartzen duen erabakia errespetatuko" duela Jaurlaritzak, "kontratuarekin jarraitu ala eteten" badu ere. 2018-2019ko esleipena dela azpimarratu du.
Protesta eta aldarrikapena Palestinaren alde, Amnesty International, BDZ Euskal Herria eta Argituz elkarteek deituta, CAF kanpoaldean, ekainean.Aimar Maiz Imanol Pradales lehendakariak, CAFek Israelekin duen kontratuaren harira, Euskadi Irratiko Faktoria saioan eskainitako elkarrizketan adierazi du “agian gogoeta etikoa mahai gainean jarri behar dela”, baina “ez dela erraza kontua eta badaudela hainbat ikuspegi” gaiaren inguruan. Eusko Jaurlaritza CAFeko akziodunetako bat da.
Argi utzi du Eusko Jaurlaritzak “CAFek hartzen duen erabakia errespetatuko” duela, “kontratuarekin jarraitu ala eteten” badu ere, eta azpimarra egin du akordioaren testuinguruan: “Jerusalengo tranbiaren inguruan ari garenez, CAFek duen kontratu horri buruz, 2018-2019tik datorren esleipen bat da, trenak oraindik produzitzen ari dira. Bere momentuan CAFek kontratua lortu zuenean, Nazio Batuen araudi guztiak errespetatuz egin zuen, eta hori kontuan hartu behar dugu, nik dakidala beti alderdi etiko horiek guztiak errespetatu direla”.
Lehendakariak gehitu du “basakeria eta sarraskia ikusita, ulertzen” duela “giroa”. “Baina ezin dugu pentsatu hau gaurko kontua dela baizik eta badagoela kontratu bat sinatuta duela sei-bat urte. Orain mahai gainean jarri behar dela gogoeta etikoa ere? Agian, baina uste dut ez dela erraza kontua eta badaudela hainbat ikuspegi eta horiek mahai gainean jarri behar direla”.
Harreman komertzialak eteteaz esan du “tresna” bat dela, baina “batasuna beharrezkoa” dela.













