Zoru berria Segurako Alustiza futbol zelaiarentzat
Belar artifizial berria jartzeko lanak hasi dituzte aste honetan Alustiza futbol zelaian. Lanek 230.000 euroko aurrekontua dute eta hiru astetan amaituko dituzte.
Segurako Alustiza futbol zelaian belar artifiziala aldatzeko lanak, atzo. Segurako Udala Aste honetan hasi dituzte Segurako Alustiza futbol zelaian belar artifizial berria jartzeko lanak, Opsa enpresaren ardurapean. Lanek 230.000 euroko aurrekontua dute orotara, eta hiru asteren buruan amaituko dituzte. Belar artifiziala jartzeko lanak aste honetan bertan hasi badituzte ere, udan eremua prestatzeko lanak egiten aritu dira, «belar zaharra kendu, eremua lautu eta ureztatzeko sistema berria jarri», Izarra Urdalleta alkateak aurreratu duenez.
2009an aldatu zen azkeneko aldiz belar artifiziala Segurako futbol zelaian eta Iker Lizardi Aizkorri Segura futbol taldeko kideak adierazi duenez, eremua egoera txarrean zegoen. «Gune askotan higatuta eta altxatuta zegoen belarra, eta arriskutsua ere bazen lesioak eragiteko punturaino», zehaztu du. Futbol taldetik udalak egindako ahalegina eskertu dute, «Segura bezalako herri txiki batentzat ahalegin ekonomiko handia» suposatzen duela jakitun.
Lanek Gipuzkoako Foru Aldundiaren «70.000 euroko diru laguntza» jasoko dutela aurreratu du Lizardik eta Realak ere diruz lagunduko duela aurreratu du. «Arsenalek 70 milioi euro ordaindu ditu Martin Zubimendirengatik eta diru horren %1a —700.000 euro— Gipuzkoako futbol zelaiak berritzeko erabili behar du Realak herrialde mailako hitzarmen batean hala jasota dagoelako», azaldu du. Oraindik kantitatea zehazteke dagoen arren, zerbait jasotzea espero dute. Gipuzkoako Futbol Federaziotik ere 10.000 euroko diru laguntza jasoko du Segurako klubak, eta «futbol zelaia inguratzen duten hesiak berritzeko» erabiliko dutela aurreratu du.
Haziz doan kluba
Segurako Segura kirol elkartearen eta Zegamako Aizkorri futbol taldearen baturatik sortu zen 2024an Aizkorri Segura futbol kluba. Azken urteetan asko hazi da taldea eta ondorioz, futbol zelaiaren erabilera areagotu egin da. Futbol eskolatik hasita futbol federatuko senior mailara arteko 17 talde ditu gaur egun klubak, «nesken sei talde eta mutilez osatutako beste 11, guztira 340 jokalari».
Jokalarien gehiengoa Segura (100) eta Zegamakoa (100) den arren, Goierri guztiko jokalariak hartzen ditu klubak, «Ormaiztegik pisu handia dauka, 60 bat jokalari ditugu bertakoak», esan du Lizardik. Gainerakoan, Ezkio-Itsaso, Mutiloa, Zerain, Gabiria eta Idiazabalgoak ere badira tartean.
Lanak abuztuan egitekoak ziren arren atzeratu egin dira, «Espainia mailan gertatu den belar artifizialaren stock hausturarengatik». Guztiarekin, lanak aurreikusitako denboran amaituta egotea espero dute. Izan ere, aurre denboraldia abuztuaren 19an hasi zuten eta Idiazabal eta Beasaingo futbol zelaietan ari dira entrenamenduak egiten, momentuz. «Denboraldiari irailaren 21ean emango diogu hasiera eta ordurako lanak amaituta ez badaude, nekez moldatuko gara».














