«Gaua mendian pasatzea beti da berezia»
Arrano Kulturak antolatuta, Izarren Gaua ekinaldia egingo dute bihar Murumendin. Aranzadiko adituek lagundurik, parte hartzaileek aukera izango dute astronomiaz gozatzeko.
Unai Goikoetxea Urretabizkaia, Arrano Kultura elkartearen aurrean, asteazkenean, Beasainen. Maialen Andres/FOKU Izarrei begira, izarrez inguratuta. Halaxe pasatuko dute biharko gaua Murumendira igoko diren 30 pertsona inguruk. Arrano Kulturak Izarren Gaua egitasmoa antolatu du bigarren urtez, eta, hain zuzen, iazko harrera onaren fruitua da aurtengo aldia. Unai Goikoetxea Urretabizkaia (Beasain, Gipuzkoa, 1989) elkarteko kidea da, eta adierazi du «natura ezagutzea» dela egitasmoaren xedea.
Izarrei begira jarriko zarete larunbatean. Gau magikoa izango da?
Bai, magikoa, edo berezia behintzat bai. Gaua mendian pasatzea beti da berezia, eta, Aranzadiko adituei esker astronomiaz gozatzeko aukera izanda, are gehiago. Antolatzen duzuen bigarren urtea da.
Nola joan zen lehena?
Iaz, eguraldi txarra zela eta, atzeratu egin behar izan genuen. Irail bukaeran egin genuen, eta egia da aldea dagoela hilabete hasieran edo bukaeran egin. Giroa freskoagoa zen, gaua ere hotza… Hala ere, oso ondo atera zen; hogei lagun inguru izan ginen. Izar bakoitza zeruan nola bilatu azaldu ziguten Aranzadikoek.
Zein da aurtengo plana?
Bihar 18:00etan elkartuko gara, Mandubiko Bentan, eta, handik, Murumendira igo. Iristean, kanpin dendak muntatu, afaldu eta zerura begira jarriko gara. Gaua han pasatu, eta, igande goizean, nahi duenak aukera izango du garaiz jaiki eta Aralar aldetik egunsentia ikusteko.
Eta egunsentia ikusi ostean, Usurbe mendiko jaiez gozatzera. Plan biribila.
Bai. Jaietako egun nagusia igandea da. Iaz ezin izan genuen jaiez gozatu; beraz, ea aurten dena ongi ateratzen den. Egunsentia ikusi eta gero, Mandubiko Bentan gosalduko dugu, eta 10:00 aldera Agortara jaitsiko gara, Usurbe mendiko jaietara, hamaiketakoa egitera.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













