Iazko udan baino bisitari gehiago Goierriko turismo bulego eta museotan
Alojamenduetan okupazioa nabarmen igo da uztailean, eta abuztuan iazkoaren antzekoa izan da, Goiturren datuen arabera. Aurten lehen aldiz etxe-trukatzearen bidez Goierrin gaua pasatu duten atzerriko turistak izan dira.
Arramendi baserrian bisita gidatua uztailean.Iñaki Gurrutxaga Goitur Goierriko Turismo Agentziak uda turistikoaren balantzea egin du. Datu horien arabera, iazko udan baino bisitari gehiago izan dira Goierriko turismo bulegoetan eta museoetan, uztailean zein abuztuan. Alojamenduen okupazioa “nabarmen” igo da uztailean; kasu askotan %90 ingurura iritsi da hotelei eta pentsioei dagokienez, nahiz eta nekazalturismoko eta landetxeetako okupazioa txikiagoa izan den (% 58). Abuztuan, hoteletan eta pentsioetan okupazioa iazkoaren antzekoa izan da (ia %90), eta nekazalturimoetan eta landetxeetan txikiagoa (%79 inguru).
Katalanak nagusitu dira abuztuan, eta madrildarrak uztailean, eta horien atzetik, Valentziako Erkidegokoak, Andaluziakoak eta Kanarietako turistak. Aurten Galiziatik, Gaztela eta Leondik, Aragoitik, Murtziatik, Gaztela-Mantxatik, Balear Uharteetatik eta Extremaduratik etorritako turisten gorakada nabarmendu du Goiturrek.
Espainiar estatutik kanpoko turisten presentzia “nabarmen igo” da bi hilabeteetan. Frantzia, Alemania, Estatu Batuak eta Erresuma Batuko turistak izan dira udan eskualdean nagusi multzo horri dagokionez. “Italia, Suitza, Portugal, Austria, Belgika, Herbehereak, Txekiar Errepublika, Polonia, Argentina, Mexiko, Kolonbia, Txile eta Brasilgo turistak ere nabarmentzen dira; Australia eta Japoniako turistak ere hartu ditugu”.
Turismo bulegoen datuen arabera, turista katalan eta atzerritar asko “naturak eta kulturak bultzatuta” etorri dira Goierrira. Era berean, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian barrena bidaiatu dute euskaldun askok, “eta museoen igoeraren zati bat ere horregatik izan da”.
Batez beste 3-5 gau
Turisten batez besteko egonaldia 3-5 gauetakoa izan da, nahiz eta 7 eguneko egonaldiak ere izan diren. Aurten, lehen aldiz, atzerriko turistak izan dira etxe-trukatzearen bidez (home-exchange) Goierrin: “Seguran eta Zerainen, adibidez, egonaldi luzeetarako”.
Abuztuaren 4ko eta 11ko asteetan izandako bero handien eragina nabaritu dute, eta “15 egun horietan arratsaldeetan turista gutxiago” izan da.
Donejakue bideko erromesak eta Idiazabal Gaztaren Ibilbideko Gr 283 mendi-ibiltariak ere ugaritu dira ibilbideko museoetan.
Ostalaritzan, jatetxeetako eta alojamenduetako kudeatzaileen arabera, barra eta mahaiko kontsumoa jaitsi egin da: “Turistek ez dute nekazalturismoetan gosaldu eta establezimenduko sukaldea erabili dute horretarako; pentsio erdia edo osoa eskaintzen duten hoteletan, jaitsi egin da aukera horietakoren bat aukeratu duten turisten kopurua, eta nahiago izan dute haien ordez pintxoren bat edo ogitartekoren bat jan, geletan bestelako jakiak jateaz gain. Eskualdean irekita egon diren jatetxeek ondo lan egin dute, baina agian beste urteetan baino zertxobait gutxiago turista eta txangozale kopurua handitu den arren. Bidaiaren eta alojamenduaren kostuaren igoerari aurre egiteko, beraz, otorduetako gastua murriztu egin dela ikus daiteke”.













