Iñaki Iurrebasok eta Gari Goikoetxeak 'Esnatu ala hil' liburua ondu dute
Euskararen egoerari "beste betaurreko batzuekin begiratzeko" proposamena landu dute. Astelehenean aurkeztuko dute liburua, Donostian.
Garikoitz Goikoetxea eta Iñaki Iurrebaso.Goierriko Hitza Iñaki Iurrebasok (Legazpi, 1967) eta Legorretan bizi den Garikoitz Goikoetxeak (Elduain, 1989) Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburua aurkeztuko dute datorren astelehenean Donostian, Elkar aretoan.
Honela dio liburuaren sinopsiak:

‘Esnatu ala hil’ liburuaren azala.
“Noraez moduko bat sumatzen da euskalgintzan azken urteotan: euskararen indarberritze-prozesuak beste bultzada bat behar duela, baina zantzu gutxi dago urratsak non-nola egin. Badira esaten dutenak euskararen aldeko grina moteldu egin dela, lo antzean dagoela. Etsipen edo ilunaldi bat ere badago: azken hamarkadetan egindako ahaleginak ez duela ekarri espero izandako –edo amestutako– emaitzarik, batez ere erabilerari dagokionez. Aldartearen edo autoestimuaren ikuspegitik, ez dira euskalgintzaren garairik distiratsuenak.
Esnatze baten premia agerikoa da: astindu bat, urrats handiagoak, bestelako lan-ildoak. Orain artekoarekin honaino iritsi gara; aurrera egiteko, hori baino gehiago behar da.
Nola ari gara? Norantz ari gara? Sarritan, iritzi-uste hutsetan oinarritutako balorazioak egin ohi dira euskararen egoerari buruz, norbere sentsazioei soilik erreparatuta. Horiek gutxietsi gabe, baina, euskararen etorkizuneko indarberritze-prozesua irudikatzeko, ezinbestekoa da egoerari eta bilakaerari buruzko oinarri sendoa izatea, zer gertatzen ari den ondo ikustea.
Euskararen indarberritze-prozesuaren momentu giltzarri honetan, hizkuntza-larrialdiaz eta euskararen bidegurutzeaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, ekarpen bat egin nahi du liburu honek: beste betaurreko batzuekin begiratu nahi diogu euskararen egoerari, ikuspegi demo-linguistikoan oinarrituz eta hizkuntzaren osasunari buruzko aldagai nagusiak aztertuz.
Datozen hamarkadetako bidea irudikatzeko, ezinbestekoa da begiak irekitzea: euskararen bilakaera eta egoera zein diren ohartzea. Euskararen biharko ametsak esnatzea eskatzen baitu gaur. Horretarako helduleku izan nahi du liburu honek: begirada argitzeko tresna”.













