Kirola, musika eta omenaldiak Beasainmendiko jaietan
Auzo afariarekin hasiko dituzte festak bihar gauean. Igande goizean jokatuko da XIX. Usurbeko igoera, eta eguerdian auzoko gazteen eta Lazkaomendiko gazteen arteko herri kirol desafioa.
Herri kirol desafioan lehiatuko den Beasainmendiko gazteen taldea. Beasainmendiko Kultur Elkartea Badatoz Beasainmendiko jaiak. Aurten ere, musikaz, kirolaz eta omenaldiz beteriko egitaraua prestatu du BKE Beasainmendiko Kultur Elkarteak. Bihar hasiko dituzte festak, 21:00etan egingo duten auzo afariarekin eta auzoko mus txapelketarekin. Egun handia igandea izango da, goiz eta arratsalde ekitaldi asko izango baitira. Berritasunetako bat gazteen arteko herri kirol desafioa da.
XIX. Usurbeko igoera jokatuko da 11:30ean. Beasaingo Artzaieneko plazan dute hitzordua izena eman dutenek. herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena bihar arte 15 euroan, edo egunean bertan 17 euroren truke. 4,7 kilometro eta 446 metro desnibel dituen ibilbidea da, %9,5eko pendizarekin.
Errekorra hausteko erronka
Gizonezkoetan eta emakumezkoetan banatuta, lehen, bigarren eta hirugarrenentzako sariak egongo dira, baita herriko lehen gizonarentzako eta lehen emakumearentzako sariak ere. Iaz, Mikel Beunza ultzamarra eta Maria Ordoñez iruindarra izan ziren irabazleak, eta lehen beasaindarrak Alberto Mella eta Itxaro Mendizabal. Errekorrak hausten dituztenentzat ere sariak izango dira; gizonezkoetan Oier Ariznabarretak ezarri zuen 2014an 20:44ko denbora, eta emakumezkoetan Majida Maayoufek 25:09koa. Parte hartzaile guztientzat hamaiketakoa izango da, eta kamiseta bana jasoko dute.
Agortan, bazkalaurretik
Aurtengorako erronka bat ezarri dute: Beasainmendiko gazteek eta Lazkaomendiko gazteek herri kirol desafioa egingo dute Agortako plazan. Harri jasotzen, txingatan, ingudean, trontzan, oskol bilketan, gurpil iraulketan eta aizkoran ariko dira. 13:30ean hasiko da norgehiagoka. Ondoren, bazkaltzera elkartuko dira auzotarrak. Arrain-zopa, saiheskia, txuleta, postrea, eta akeita, txola eta txokola. Hori da bazkariko menua. Arrano tabernan, Azurmendi harategian eta Montoya harategian daude salgai tiketak, helduentzat 38 euroan eta haurrentzat (12 urtera arte) 10 euroan.
Bazkalostean, berriz, haurrentzako jolasak izango dira, eta aurtengo beste berritasuna ere: Ekaitz konpartsaren buruhandiak bertaratuko dira.
Omenaldiak
Aurten ere bikote bat omenduko dute jaietan. Esteban Letamendia Vergara eta Julia Ortun Ausin aukeratu dituzte omenaldirako. Beasainmendiko Kultur Elkarteak jakitera eman duenez, Esteban Letamendia 1955eko uztailaren 4an jaio zen, Beasaingo Gantzarain baserrian. Aurten 70 urte bete ditu. Julia Ortunek, berriz, aurten 79 urte bete ditu; Tolosan 1946ko ekainaren 10ean jaio zen. Errioxarako bidaia batean ezagutu zuten elkar duela 11 urte, Estebanek bi seme-alaba eta bi biloba ditu, eta Juliak, hiru seme-alaba eta hiru biloba. Esteban baratza lanetan, animaliak hazten… borda konpontzen aritu da azken urteetan, eta bere afizio nabarmenena pilota partidak ikustea da. Juliari, aldiz, loreak zaintzea, musika entzutea eta kantatzea gustatzen zaio. Opari bana emango diete 13:00etako omenaldian.
Horrez gain, Jokinen oroimenezko aurreskua eta lore eskaintza egingo dute. Eguna jai giroan pasatu ondoren, 18:30ean izango da azken ekitaldia, jaiei agur esateko: erromeria egongo da Laja II eta Narbaizarekin.

Esteban Letamendia Vergara eta Julia Ortun Ausin, aurtengo omenduak.Beasainmendiko Kultur Elkartea













