Mugikortasun arautua Zaldibian, astelehenetik
Santa Fe kalearen oinezkotzea dela eta, trafikoan aldaketak iragarri ditu udalak. Kamera sistema berriak ere martxan jarriko dira eremuaren sarreran. Haserrea piztu du herriko gazte sektorean.
Zaldibiako Udalak gaztetxe parean jarri duen kamera sistema, eta asanbladaren protesta kartelak. Izaro Villarreal Azken urteotan, zaldibiarren kezka nagusietako bat herri mugikortasuna izan da, bereziki plazaren ingurukoa. Uztailaren hasieran udalak deitutako herri batzarrean ere hori geratu zen agerian: jende ugari bildu zen, eta gaiari buruzko iritziak eta kezkak partekatu zituzten. Batzar horretan aurreratu zituzten kurtso berriarekin batera aurrera eramango ziren aldaketak, eta aste honetan eman du udalak horien berri: mugikortasuna arautuko duen ordenantza berria indarrean sartuko da datorren astelehenean, irailak 8. Neurri berri horiek eztabaida piztu dute, batez ere gazteen artean.
Trafikoaren arautzea
Santa Fe kaleko ibilgailu-trafikoari dagokionez, udalak adierazi du herritarrek behin baino gehiagotan eskatu dutela plazaren oinezkotzea, eta eurek ere aurretik landu izan dutela gaia. Horregatik, moldaketak egingo dituztela iragarri dute. Ibilgailuen sarbidea mediku-etxetik egingo da irailaren 8tik aurrera: astelehenetik larunbatera (jaiegunak salbu), sarrera librea izango dute ibilgailuek goizean, 08:00etatik 12:00etara; ordutegi horretatik aurrera, eta jaiegunetan, baimendutako ibilgailuek soilik sartu ahal izango dute (karga-deskarga, larrialdiak, gizarte-zerbitzuak, garraio publikoa…).
Neurri horren ondorioz, asteko egunetan 12:00etatik aurrera Gure-Ametsa ingurura eta Santa Fe kalean gora joan nahi dutenek Artxanberri kaletik igaro beharko dute eta, hala, Estanko atzealdeko pasabidea zeharkatu. Horrez gain, aparkamenduen iraupena ere arautuko dute. Astelehenetik aurrera, gehienez ordubete aparkatu ahal izango dute ibilgailuek Begoren mertzeriatik Illatirako tartean. Udalaren esanetan, ibilgailuen «errotazioa bultzatu» eta komertzioetara sarbidea «errazteko» balioko du aldaketa horrek.
Udalak adierazi du datozen asteetan bukatuko direla aldaketa horiek dakartzaten lanak zein margoketak.

Zirkulazio murrizketa izango duen tartea, Santa Fe kalearen erdian.Izaro Villarreal
Kameren instalazioa
Baina hori ez da zaldibiarrek egunerokoan nabarituko duten aldaketa bakarra. Izan ere, eremuaren sarreran kamera sistema berria ezarri du udalak: «Sarbide ordutegiak errespetatzen direla bermatzeko jarriko den sistema da». Bi kamera izango ditu: batek matrikulak irakurriko ditu baimendutako ordutegietatik kanpo, eta besteak, baimenik ez duten ibilgailuei argazkia aterako die.
Udalaren esanetan, «momentu puntualetan» soilik aterako dira argazkiak, eta «ez da etengabe grabatuko». Hala ere, argi utzi dute baimendutako ordutegitik kanpo sartzen diren ibilgailuei 80 euroko isuna jarriko zaiela.
Asanbladaren haserrea
Neurri berriak Zaldibiako gazteen haserrea eragin du. Zaldibiako Gazte Asanbladak sare sozialetan argitaratutako oharrean salatu du Santa Fe kalearen oinezkotzea «aitzakiatzat» hartu dutela kamerak ezartzeko: «Gertaera hau kontrol sozialaren eta autoritarismoaren gorakadaren testuinguruan kokatu behar da. Haien bidez, langileon bizitzak eta ohiturak kontrolatzea lortzen dute».
Horrenbestez, udalaren erabakia gaitzetsi eta «atzerapauso bat» emateko eskatu diote, kamerak kentzeko exijituz. Bukatzeko, honakoa gaineratu dute: «Kontrol sozialaren eta autoritarismoaren areagotzearen aurka borrokan segituko dugu. Herritarrei borrokara batzeko eta antolatzeko dei egiten diegu».













