Palestinako genozidioa salatzeko protestak, gaur
Goierriko hamabi herritan egingo dituzte lapiko jotzeak, 19:00etan udaletxe pareetan elkartuta.
Iazko urtarrilean Ordiziatik Beasainera Palestinaren alde egin zen manifestazioaren irudia.Kerman Garralda Gernika-Palestina herri ekimenak gaur, ostirala, Palestinako genozidioaren kontra mobilizatzera deitu ditu euskal herritarrak. Gazan bizi duten egoera zein azken egunetako erasoen «gogortzea» salatzeko eta eragile zein erakunde desberdinei Israelekin dituzten harremanak etetea eskatzeko lapiko-jotzeak deitu dituzte Euskal Herriko udalerri guztietan. Goierrin ere hamabi herritan izango dira protestarako hitzorduak: Lazkaon, Ataunen, Zaldibian, Zerainen, Zegaman, Legazpin, Urretxun, Ordizian, Legorretan, Gabirian, Itsasondon eta Beasainen, besteak beste. Arratsaldean, 19:00etan elkartuko dira udalerrietako udaletxeen aurrean.
Azken egunetan ikusi ahal izan den moduan, Palestinaren aurkako erasoek ez dute etenik, eta areagotzen ari dira egunak pasa ahala: «Gazako azpiegitura guztiak sistematikoki suntsitu ondoren, Israelek palestinar herritarrak sarraskitzen jarraitzen du eta, gainera, gosez eta egarriz hiltzen, erortzear dauden ospitaleei erasotzen eta genozidio hau munduari transmititzen dioten komunikabideetako ehunka langile hiltzen», adierazi du herri plataformak, sare sozialetan zabaldutako oharrean.
Udan ere protestak
Udako hilabeteetan zehar ere makina bat herritan Israel Palestinan aurrera eramaten ari den genozidioa salatu eta palestinar herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak eta argazki masiboak egin dira, batez ere herriko festen testuinguruetan. Goierrin ere izan dira halakoak: Ataunen, Zumarragan eta Legazpin, esaterako.













