Siemens Mobility-ren helegitea ere ukatzeko gomendioa eman du Belgikako auditoreak
Asteartean Alstomen helegitearekin gauza bera egiteko aholkua eman zuen. CAFi historiako kontraturik handiena lortzeko bidea irekitzen ari zaio.
Belgikako SNCB tren-zerbitzu publikoarekin inoizko kontratu handienetik gertuago dago CAF enpresa. Belgikako Estatu Kontseiluko auditoreak Alstomen bigarren helegitea ukatzeko gomendioa eman zuen asteartea, eta atzo aholku bera eman zuen Siemens Mobilityk jarritako bigarren helegitearen aurrean . Ez da erabaki loteslea, baina Estatu Kontseiluaren erabakian eragina izan dezake.
Horrenbestez, CAFek esku-eskura du Belgikarako 600 unitate egiteko kontratua, 3.400 milioi euroko baliokoa. Hala ere, hainbat tramite gainditu beharko lituzke oraindik. Horietan lehenengoa Estatu Kontseiluak helegiteei buruz hartuko duen erabakia da, eta Belgikako komunikabideen arabera, datorren astean argituko da auzi hori.
Estatu Kontseilua CAFen alde agertuta ere, Aktualnosci komunikabideak gogoratu du Alstomek zein Siemens Mobilityk lege prozedurekin behin betiko erabakian eragiteko aukera dutela oraindik.













