Txalaparta ikastaroa, kontzertua eta Sagardo astea, datozen asteetarako planak Igartubeitin
Irailaren 27an, ‘Kirikoketa erritmotik txalapartara’ doako ikastaroa eskainiko du Zurartean txalaparta elkarteak.
Sagardo Astearen irekiera ekitaldia, iaz, Igartubeitin. Josune Zarandona Udazkenarekin batera, urteko garairik bereziena iritsiko da Ezkioko Igartubeiti baserri museora. Sagardo Astea urriaren 8tik 18ra ospatuko dute aurten, baina aurretik beste bi ekintza antolatu dituzte honekin lotuta.
Lehena, irailaren 27an izango da. Jakintzen hibridazioa belaunaldiarteko egitasmoaren baitan, Kirikoketa erritmotik txalapartara izeneko ikastaroa antolatu dute, 16:30ean. Igartubeititik gogorarazi dutenez, garai batean kirikoketa erritmora zanpatzen ziren sagardoa egiteko sagarrak pisoiekin baserrietan. Garai hartako lana musika bihurtu zen gerora eta gaur egun, txalaparta da haren lekuko. Ikastaro honetan, Zurartean txalaparta elkartearen eskutik kirikoketaren eta txalapartaren bitxikeriak ezagutzeko aukera izango da eta jotzen ikasteko aukera izango dute parte hartzaileek. Ekintza doakoa da, baina parte hartzeko izena eman behar da aurrez.
Aurten ere, Antioko Musikaldiak geldialdia egingo du Igartubeitin. Sagel taldeak Itsaso bat esku artean ikuskizuna eskainiko du bertan urriaren 4an, 18:00etan. Ohi bezala doako autobus zerbitzua jarriko dute Zumarragatik, 17:30ean. Izena eman behar da aurretik.
Aurreratu bezala, Sagardo asteari urriaren 8an emango diote hasiera aurten. Igartubeiti baserriko habe dolarea martxan jarriko dute urtero legez eta XV. Mende erdialdeko baserritarren ohiko prozedura jarraituz zanpatuko dituzte sagarrak sagardoa egiteko. Esperientziaz gozatu nahi izanez gero, izen ematea dagoeneko irekita dago.
Hiru ekintzetarako izena emateko bideak berdinak dira: postaz, igartubeiti@gipuzkoa.eus-en; Whatsappez, 618 004 131 zenbakian, edo 943 72 29 78 telefonora deituta.













