Aginagarrek Oleta elkartearen mende erdiko herrigintza ospatu dute
Hagin landare gazte bat landatu dute auzoko Oroimenaren Txokoan. 1975ean 37 bazkidek sortu zuten Oleta Elkartea, eta Aginagaren motorea da harrezkero.
Festa-egun handia eta esanahi betekoa ari dira ospatzen gaur Zumarragako Aginaga auzoan. Oleta Elkarteak 50 urte bete ditu, eta mende erdiko herrigintza eta eragiletza ari dira gogoratzen. Auzoaren hauspoa da Oleta, hasi Leturiondoko erreka-sakonetik eta elkartearen izen bereko gailurrera arteko mendi-bizkar guztiaren bihotza.
Gosari txikia soziedadean egin ondoren, txalapartaren ttakunak hasi orduko Oletako bazkideak, urteurreneko kamiseta urdin argi bereizgarria soinean zutela, elkarte aurretik eliza alboko zelaitxora igo dira. Oroimenaren Txokoan, 1936ko Gerrako errepresaliatuen omenezko oroitarriaren alboan, hagin landare gazte bat landatu dute –auzoaren izenaren etimologian dago hagina, baita plazaren erdian ere zuhaitz bat bikaina–. Bazkide bakoitzak eskutada bat lur erantsi dio hagin landareari, hildako bazkideen oroimena eta etorkizunekoen abaroa izan nahi duen sinboloa sendotzeko.
Ohorezko aurreskua dantzatu diete bi dantzarik Oletatarrei. Sebastian Lizaso eta Andoni Egañak bihurtu dute bertsotara egunaren esanahia eta sentimendua. San Martin jaietan aspalditik joan ohi dira bi bertsolariak. “Elkartearen mende erdia baita ospatzen deguna, izandakoak eta garenak goza dezagun eguna”, bukatu du eskaintza-bertsoa Lizasok. “Hau ikusita gerora gehio sortu litezkenez tira, joanak ta gu ta letozkenak hagin hontan biltzen dira, sustraiak sendo eta adarrak etorkizunai begira”, borobildu du Egañak.
Trikitia izan da festaren beste jartzailea. Lau trikitilari bikote elkartu dira Aginagan, eta guztien kalejirarekin plazara joan dira guztiak. Laboraren Txoriak txori abestu, eta bazkide sortzaileei omenaldia egin diete jarcian. Duela 50 urte, 37 bazkidek sortu zuten Oleta, eta hiru ekinean dira gaur egun oraindik. Patxi Plazaola –ez du festara joaterik izan, eta iloba batek ordezkatu du–, Eulogio Alberdi eta Josune Begiristain Txata omendu dituzte. Zurezko oroigarri bana oparitu diete Jose Angel Toledo, Mikel Zabaleta eta Juan Mari Legorburu kideek, elkartearen eta auzoaren izenean. Lizasoren beraren bertso bat du oroigarriak, pirograbatuta:
Auzo txikia nun bildurik ez
hutsunea nabarmena,
eskola izana bihurtu elkarte
amestutako lorpena
auzo guzia elkartuz gero
batasunean kemena
hiru zinaten hazia ereiten
gozatu urteurrena
mende erdi bat igaro da
hazirik emankorrena
hainbat urtean fruitua emanez
eta usteltzen ez dena.
“Elkarteak garai hartan [1975] hasi ziren sortzen, baina emakumeei ez ziguten uzten bazkide zaten. Baina Aginaga auzo txiki bat da, eta beti emakume eta gin batera ibili gara kuadrillan, lagun. Eta guztion elkartasunean egin genuen elkartea ere. Ez dakit ziur, Gipuzkoan, Gabiria edo Aginaga den lehenbiziko emakumeak bazkide izan zirenak elkartean. Eskerrik asko”, gogoratu du Josune Begiristainek.
Bertsolarien hitzetan berriro. Lizaso:
Auzoa bildu ta elkartzeko
bazen zerbaiten premia.
Bazen lokal bat eskola gisa
aurretik erabilia.
Patxi, Txata ta Eulogiona
elkartearen ideia.
Ta elkartea sortu zenetik
pasa da mende erdia,
gutxi batzuen ametsa zena
orain askoren egia (bis).
Egaña:
Patxi falta da baina ez da urrun
ez gaitezela goibeldu;
ta Eulogio dagon tokian
beti da zurkaitz zimendu;
Ta Txatak berriz garai zailetan
heldu behar zenari heldu.
Aldi berean izan zerate
aurrendari ta eredu,
sarri bezela gutxik hasia
askok disfruta degu. (bis)
Bazkideen taldeko argazkia hagin gaztearen inguruan atera ondoren –31 bazkide dira train–, Larrañaga eta Otaegi aizkolariek erakustaldia egin dute gero. Auzoko Gure Ametsa frontoian 240 lagun elkartu dira bazkarian. Zumarragako Udalaren izenean, Mikel Serrano alkatea ekitaldian izan da, baita Aritz Elgarresta zinegotzia eta Josu Aztiria legebiltzarkidea ere, besteak beste. Arratsaldean bertsolariek, Agurtzane eta Miren trikitilari oñatijrrek eta Oilar Beltzak musika taldeak girotuko dute Oleta elkartearen 50. urteko festa.













