Ordiziako gazteen kemena, euskara ahoan eta herri kirolak plazan
Kuadrilla arteko 15. herri kirol txapelketa jokatu dute, goizean, Emaneurre taldeak Euskal Jaietan antolatutako egunean.
Ordiziako gazte belaunaldiek ere sendo eusten diote herriaren nortasunaren parte diren osagaiei. Emaneurre taldeak euskararen eguna antolatu du, gaur, Euskal Jaietako egitarauaren barruan. Horrekin batera, goizean herri kirol ikuskizuna egin dute gazteek. Kuadrilla Arteko 15. Herri Kirol Txapelketa jokatu dute 200dik gora lagunek, Joxe Migel Barandiaran enparantzan. Zortzina laguneko 26 taldek parte hartu dute, eta bakoitzak hainbat kirolen zirkuitua osatu eta sokatiran tira egin du. Atzegi elkarteko bi taldek ere parte hartu dute.
Hiru orduko ikuskizuna izan da. Herri kiroletan, lokotx biltzea (15), txingak (3 joan-etorri), harri jasotzea (6 jasoaldi), zakua bizkarrean (4 joan-etorri), trontzan (2 korte), ergometroan arraunean (300 metro), eta korrika (3 itzuli plazari) egin dute. Lan hori bi aldiz egin dute, jarraian.
Final handira Mokela (10:24 minutu kanporaketa fasean) eta Pulkraus (10:33) taldeak iritsi dira. Lehia estua izan da finaleko lehen biran, baina Mokelak aldea atera eta mantendu du bigarrenean. Azkenean, iaz bezalaxe, Mokela kuadrillak irabazi du herri kirol txaplketa (10:44 minutu), eta Pulkraus (11:38) bigarren geratu da.
Sokatira lehiaketan, bestetik, bi kategoria bereizi dituzte. Urrezko mailan Downtown taldeak 2-0 irabazi dio Izbi taldeari. Zilarrezkoan, Birrako nagusitu zaio Chata-ri (2-0). Herri kiroletako talde berberek tira egin dute sokarekin ere. Zortzi lagunek osatu dituzte taldeak, izan mutilek, izan neskek ala mistoak.













