ESK sindikatuak CAFen eta Jerusalemgo tranbiaren aferan Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du
ESK sindikatuak Jerusalemgo proiektuan CAFen parte hartzea gaitzetsi du, giza eskubideen urraketak salatuz. Sindikatuak adierazi du presioa egiten jarraituko duela enpresan, giza eskubideen errespetua lehenestea lortzeko.
Palestinako bandera Beasaingo CAF lantegiaren atarian, protesta gisa.Tere Madinabeitia ESK sindikatuak ohar bat bidali du Imanol Pradales lehendakariak Jerusalemgo tranbiaren eraikuntzan CAF enpresaren parte hartzeari buruz egindako azken adierazpenen inguruan bere jarrera argitzeko eskatuz. Sindikatuak azaldu duenez, Beasaingo eta Irungo lantegietako Enpresa Batzordeek kezka handia dute proiektu horretan enpresaren inplikazioagatik.
ESK sindikatuak gogorarazi du, 2019 urtean ohartarazi zutela CAFek Jerusalemgo tranbia proiektuan parte hartzeak Palestinako herritarren eskubideen urraketa larrietan eragin dezakeela. Sindikatuaren esanetan, “apartheid egoera baten” parte hartzaile bihurtzeko arriskua dago, eta enpresari proiektuan parte ez hartzeko eskatu zioten orduan.
Oharrean, ESK sindikatuak kritikatu du, Eusko Jaurlaritzaren “gogoeta etikoaren” inguruko jarrera, eta azaldu dute, ez dela neurri eraginkorrik hartu CAFen inplikazioa berrikusteko, nahiz eta eskaria egin zutenetik sei urte igaro diren.
Halaber, sindikatuak Europar Batasunaren pasibotasuna ere salatu du, Israel Palestinan egiten ari den “genozidioaren eta sarraskiaren” aurrean, eta gaitzetsi du EBk ez duela “eraginik” izan egoera arintzeko.
ESK-k berretsi du etorkizunean ere jarraituko duela CAF enpresari eta erakundeei presioa egiten, “giza eskubideen errespetua eta inplikazio etikoaren garrantzia lehenesteko”.













