Mutiloa, Zerain eta Segurako erromesak Arantzazun eta Urbian
Larunbatean egin zuten ohiko erromesaldia Arantzazura. Urbiara igo ziren ondoren, eta bertan bazkaldu ostean ekin zioten beherako bideari.
Mutiloa, Zerain eta Segurako erromesak larunbatean, Urbian.Pello Agirrezabal Urteroko ohiturari jarraituz, Mutiloa, Zerain eta Segurako erromesak Arantzazura joan ziren larunbatean. Gutxi batzuk oinez egin zuten Seguratik Arantzazura arteko bidea, baina gehienak, bidea laburtuta, autobusez joan ziren Aldaolako aparkalekuraino. Arantzazutik Urbiara joan ziren gero, batzuk Aizkorritik eta beste batzuk ohiko bidetik.
Urbiako fonda itxita dagoen arren, Ruper Altzelai eta Aritz Altube fondako kudeatzaileek ateak ireki zizkieten erromesei , “kafea, pattarra eta nahi genuena doan eskainiz”, kontatu du Pello Agirrezabal segurarrak. “Denok eskertu genuen keinu bat izan zen”, gehitu du. Eguraldi ona lagun, Urbian bazkaldu zuten eta 16:30 inguruan ekin zioten berriz, Arantzazurako bideari. Bertan, Arantzazuko Santutegia bisitatu zuten eta Juan Migel Dorronsoro eta Juan Inazio Larrea fraideekin egoteko aukera izan zuten. Kanpoan taldeko beste argazki bat egin eta autobusez egin zuten norberak bere herrirako itzulera.













