Zaintza eredua eta herri erronkak aztergai, osteguneko solasaldian
Zaintzari buruzko hausnarketa sustatu nahi du udalak. Hiru aditu gonbidatu dituzte, izena emateko azken eguna da bihar.
Adineko emakume bat Segurako alde zaharrean, zaintzailearekin.Josune Zarandona 2024an jarri zuen abian Segurako Udalak zahartzaro eredu berri baten inguruko hausnarketa. Herriko hainbat eragilek eta 55 urtetik gorako bizilagunak ari dira parte hartzen prozesuan, Aztiker kooperatibaren gidaritzapean. Epe labur, ertain eta luzera begirako egitasmoekin ekintza plan bat ere zehaztuta dute dagoeneko. Horren baitan, Zaintza eredua eta herri erronkak aztergai izenburupean solasaldia antolatu dute ostegunerako, 18:00etan Danon Gelan. Herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.
Zaintzaren alorrean eredu aldaketa bat datorrela uste du Izarra Urdalleta Segurako alkateak. «Aurrera eramaten ari garen egitasmoaren barruan ateratako ondorioetan garbi ikusi da komunitatearen ardura izan behar duela gai honek etorkizunean, batez ere herri txiki hauetan. Zaintza komunitario publikoaz hitz egiten da, baina gurea bezalako herri txikiek ezingo dute suposatzen duen erronka ekonomikoa bermatu», dio.
Baratze, lehenengo geltokia
Iaz ekin zioten zahartzaroaren eta zaintzaren inguruko hausnarketa prozesuari. Banakako eta taldekako elkarrizketak egin zituen 55 urtetik gorako bizilagunen artean eta inkesta bat ere bete zuten 102 bizilagunek. Azaroan Baratze pilotalekuan egin zuten ateratako ondorioak aurkezteko ekitaldi publikoa, «jardunaldi hartan lantaldeak ere osatu ziren, jasotako beharren inguruan lanketa bateratu bat egiteko», gehitu du alkateak.
Herritarren artean zaintza ereduari buruzko kontzientzia piztu beharra azpimarratu du alkateak, «adineko pertsonen zaintza ezin da higieneari, jatorduei eta oinarrizko behar horietara bakarrik mugatu». Beste alor batzuk ere landu behar dira bere iritziz, herriko komertzioek edo arkitekturak zaintza lanetan eragin handia izan dezaketela ondorioztatuz. «Orokorrean zaintza zer den ez dakigu. Etxebizitzak egokituta dauzkagu zaintzari dagokionean? Benetan kontziente gara kaleko arkitekturan aldaketa batek zaintza mota bat bultzatu dezakeela? Segurako plaza berritu zenean, adibidez, hori kontutan hartu zen eta egitura berriak gaur egun, adineko jendea eta gazteak elkarrekin nahastea ahalbideratu du», dio.
Guzti horren inguruan hausnartzeko eta zaintza eredu ezberdinak ezagutzeko antolatu dute ostegun honetako solasaldia. Hiru adituk hartuko dute parte bertan, bakoitzak zaintzaren esparru ezberdinak hartuko dituelarik hizpide. Javier Yanguas Lezaun, La Caixa Fundazioko zuzendari zientifikoa eta Aubixa Fundazioko proiektuaren zuzendaria bizitza luzearen erronkez eta aukerez arituko da. Gerontologoa eta psikologian doktorea ere bada. Irati Mogollon Garcia, soziologian doktorea da. Esku hartze sozio komunitarioko estrategien eta berrikuntzen ikerketan ere aritzen da eta zaintzarako herriak eta beraien arkitektura izango ditu hizketagai. Amaitzeko, Usurbilgo Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza sozialen esperientzia gertutik ezagutzeko aukera izango da. Ofelia Rodriguez eta Olatz Askorena bertako bizilagunek urte eta erdiko bizikidetzaren esperientzia kontatu dute.
Herritar guztiei zabaldua
Zaintza «komunitatearen ardura den heinean», herritar guztiei irekitako jardunaldia da. Doakoa den arren, parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da udaletxean, bertara joanda edo 943 80 10 06 telefonora deituta. Gaur da azkeneko eguna.













