503 korrikalarik parte hartuko dute igande honetako Axari Trailean
Antolatzaileak "harrituta" daude, beste behin, jasotako erantzunarekin. Emakumeen parte hartzea ere goraka doa, aurten parte hartzaileen %28a izango dira.
Iazko Axari Trail lasterketaren une bat. Loinaz Agirre Mikel Garmendiaren omenezko XII. Axari Trail proba jokatuko da igandean Idiazabalen. Parte hartzeak goraka jarraitzen du eta aurten, 503 korrikalariak hartuko dute parte Axari Trail proba luzearen (25 kilometro) eta Axari Trail Txiki proba motzagoaren (16 kilometro) artean. Antolatzaileak «harrituta» daude, beste behin, jasotako erantzunarekin. «Jendeak duen interesa poztekoa da. Izena emandakoez gain, beste 150 pertsona itxaron zerrendan geratu zaizkigu», zehaztu du Mikel Mendizabal, antolakuntzako kideak.
Oro har, aldaketarik ez da ibilbidean eta bi lasterketak 09:30ean aterako dira plazatik. 200 korrikalarik hartuko dute parte proba luzean eta 303k motzean, «horietatik 53 kadete mailakoak dira». Parte hartze datuei erreparatuta idiazabaldarren kopurua azpimarratu du Mendizabalek: 100 izango dira. Emakumeen parte hartzea ere goraka doa, aurten parte hartzaileen %28a izango dira.
Eguraldi ona dago iragarrita eta ibilbide lehorrarekin «denbora onak» espero dituzte. Korrikalarien artean, Anartz Artola, Gontzal Murgoitio eta Oier Zubeldia aipatu ditu Mendizabalek gizonezkoetan, «Xabier Agirre eta Sergio Serrano idiazabaldarrak ahaztu gabe». Emakumezkoetan, Irati Zubizarreta eta Maider Unanue daude faboritoen artean. Janire Agirre eta Amaia Insausti idiazabaldarrak ere aipatu ditu izenen artean. Amaituta, bazkaria izango da frontoian.













