Eskolako patio berritua
Azken xehetasunen faltan, amaitzear daude Aita Iparragirreko patioko lanak. Lanek 195.000 euroko aurrekontua dute.
Jolasteko egurrezko egitura berriak jartzen, gaur Haur Hezkuntzako ikasleen gunean.Idiazabalgo Udala Aita Iparragirre herri eskolako patioak itxura berriarekin hasi du ikasturtea. Haur hezkuntzako 2 eta 4 urte bitarteko haurrek erabiltzen duten patioaren zatia berritzeko lanak egiten ari da Kimu Bat enpresa uztailaz geroztik. Orain, azken ukituak ematea baino ez da geratzen.
Lan hauek proiektu zabalago baten parte dira. Eunate Elio Idiazabalgo Udaleko Hezkuntza eta Berdintasun zinegotziak gogoratu duenez, proiektua «parte hartze prozesu» baten ondorioa da. Prozesu hura Hiritik At enpresak dinamizatu zuen 2024an eta eskolako komunitate osoak, guraso elkarteak eta udaleko ordezkariek hartu zuten parte bertan. Emaitzak garbiak izan ziren: «espazio berdeagoa eta irisgarriagoa, aterpea eta jolas aukera handiago ematen duten espazioak».
Uztailean hasi
Behin behar nagusiak identifikatuta, Teo arkitektura enpresari eman zioten proiektuaren diseinuaren ardura, «urteko lehenengo sei hilabete hauetan egin dira lan horiek eta gero, uda garai aprobetxatu da obra egiteko», zehaztu du zinegotziak. Lanek guztira, 195.000 euroko aurrekontua dute eta amaitzekotan dira, azkeneko xehetasunen faltan.
Aspaldiko urteetan berritu gabe zegoen gunea, «zoru berria jarri da, irisgarritasuna hobetu da eta gune berde gehiago jarri dira. Hesiak ere berritu dira eta jolasteko egurrezko egitura berriak jarri dituzte».
Proiektu zabalagoa
Aipatu bezala lan hauek proiektu zabalago baten lehendabiziko fasea baino ez dira, «obra handia da eta epeka joango gara gauzatzen, udalak duen gaitasun ekonomikoaren arabera». Datozen urteetan egingo dira hortaz, aterpe bat jartzeko lanak edo kirol eremua aurrez aipatutako parametroetan egokitzeko lanak.

















