Turismo Enpresa Adimendunaren Ziurtagiria lortu dute D'elikatuzek eta Zeraingo turismo bulegoak
Uztailean ziurtagiri ofiziala lortzeko beharrezko auditoriak gainditu zituzten. Urtero auditoria berri bat pasatu beharko dute.
Goitur Goierriko turismo agentziak hedabideetara helarazitako ohar bidez jakinarazi duenez, Ordiziako D’elikatuz interpretazio zentroak eta Zeraingo turismo bulegoak Turismo Enpresa Adimendunaren Ziurtagiria eskuratu dute. AENOR Espainiako normalizazio eta ziurtapen erakundeak balioztatutako ziurtagiria da.
Eusko Jaurlaritzak iaz jarri zuen Turismo Enpresa Adimendunaren plan pilotua Gorlizeko (Bizkaia) turismo bulegoan, eta hala mundu mailan UNE 178510:2023 ziurtagiria lortu zuen lehen erakundea izan zen. Urrian, aurkezpen eta planifikazio jardunaldi batean enpresak, tokiko teknikariak eta esleipendun enpresak bildu ziren. Ordutik, diagnostiko pertsonalizatuak eta ekintza planak zehazten ibili dira arauen baldintza betetzeko.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 25 erakundek parte hartzen dute, eta 21ek jada prozesua amaitu dute. D’elikatuz eta Zeraingo turismo bulegoa daude prozesua gainditu duten erakundeen artean. Uztailean ziurtagiri ofiziala lortzeko beharrezko auditoriak gainditu zituzten. Urtero auditoria berri bat pasatu beharko dute ziurtagiria berritzeko. “Ziurtagiri honekin, Basquetour-ek plan anbiziotsu bat jarri du martxan Euskadiko turismo enpresa eta eskualde gehiagotara zabaltzeko, Euskadiko Turismoaren Plan Estrategikoarekin eta Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin bat eginez”, azaldu du Goiturrek. Ziurtagiriaren kudeaketa Goiturrek egin du.













