Emakumeak lehen lerrora ekarriko dituzte bihar Olaberrian
Egun osoko kirol jardunaldia izango dute olaberritarrek. Pilota partidak, harri-jasotze jaialdia eta VIII. Sagardo Lehiaketa izango dira. Emakumeei ikusgarritasuna ematea da helburua.
Lierni Osa, 2022ko Urrezko Aizkolarien Txapelketan, Beasainen. Aitor Garmendia Kolorez eta indarrez beteko da Olaberria bihar, emakumeen kirol eta kultur ekarpena lehen lerrora ekarriko duen egun berezian; tradizioz gizonezkoenak izan diren jarduera eta esparruetan emakumeek egindako lana ikusarazi eta balioan jarriko dute.
Pilota partidek emango diote jardunaldiari hasiera arratsaldean, 18:00etan; Oskoz eta Orbegozo bikoteak Aranburu eta Mendibururen aurka neurtuko ditu indarrak. 19:00etan, emakumezkoen harri-jasotze jaialdi berezia egingo da plazan. Zarauztik lau harri-jasotzaile etorriko dira: Maddi Gesalaga, Ainitze Zumeta, Malen Morandeira eta Lierni Osa. Harri mota desberdinak eramango dituzte, ikusleek teknika ugari ikusteko aukera izan dezaten, eta euren artean lehia txiki bat ere egingo dute giroa alaitzeko. Jose Angel Sarasolak gidatuko du. Lierni Osak azpimarratu du ekimen honek aukera ematen duela emakumeak protagonista bihurtzeko eta belaunaldi berrientzat erreferente berriak sortzeko, kirolaren eta kulturaren bitartez.
Baina ez hori bakarrik. Aitortu du horrelako egun gehiago antolatzeko beharra dagoela: «Garrantzitsua da guretzat horrelako ekimenetan emakumeak protagonista izatea eta gure eguneroko lanari ikusgarritasuna ematea». Harri-jasotzea tradizioz gizonezkoen kirola izan dela esan du: «Emakumeok ere gai gara gizonezkoek jasotzen dituzten harriak altxatzeko eta beharrezkoa da plazetan gure lekua aldarrikatzea. Emakumeok ere badugu indarra, trebetasuna eta grina».
Kirolaz harago
Eguna borobiltzeko, azkenik, 20:00etan Olaberriko VIII. Sagardo Lehiaketa herrikoia jokatuko da Arkupe elkartean. Aurtengo edizio honetan zortzi partaide izango dira: Garikoitz Arrieta (Aranguren), Egoitz Salinas (Aranguren Txiki), Aritz Arantzegi (Barrene), Andoni Garmendia (Etxola), Jokin Arratibel (Haize Leku), Jose Bernardo Aldasoro (Handikosoro), Joanjo Amoztegi (Makaztegi) eta Felix Urteaga (Txara Berri). Ondoren, 22:00etan afaria egingo dute.












