Irailaren 21ean hasiko da Goierriko Hamabostaldi Ekologikoa Zeraingo azoka ekologikoarekin
Goierriko Hamabostaldi Ekologikoaren barruan, hitzaldiak, ikastaroak eta aurkezpenak izango dira, besteak beste.
Judit Garzia (Biolur), Edurne Huesa (Landarlan), Intza Barandiaran (Biziola) eta Aloña Aranburu (Zerain Dezagun fundazioa) Zerainen, gaur goizeko aurkezpenean. Josune Zarandona Hiru hamarkadatako muga gaindituta eta Gipuzkoako azoka ekologiko zaharrenaren tituluarekin ospatuko da aurten ere Zeraingo 31. azoka ekologikoa irailaren 21ean. Biolurrek, Zerain Dezagun fundazioak, Eko Lurrak eta Biziolak, Zeraingo Udalaren laguntzarekin antolatuko dute azoka, beste behin. Hain zuzen, azokak irekiko du aurten, urriaren 9ra arte luzatuko den Goierriko 16. Hamabostaldi Ekologikoa.
Gaur goizean, aurkeztu dituzte aurtengo azoka eta hamabostaldirako antolatutako egitarauak Zeraingo kultur etxean. Zerain Dezagun fundazioko Aloña Aranburuk, Landarlaneko Edurne Huesak, Biolurreko Judit Garziak eta Biziolako Intza Barandiaranek hartu dute parte aurkezpenean.
Azoka, topagune
Azoka ekologikoa ekoizleen eta erosleen arteko topagune bihurtuko da berriz ere. Aurten 20 bat ekoizle izango dira azokan, “gehienak gipuzkoarrak, baina baita Euskal Herriko beste herrialdeetakoak ere”, nabarmendu du Zerain Dezagun Fundazioko ordezkariak. Elikagai ezberdinak eskuratzeko aukera egongo da: “Barazkiak, gazta mota ezberdinak, eztia, kontserbak…”.
Azokak 10:00etan irekiko ditu postuak Zeraingo plazan; baina aurten ere elikaduraz haratagoko eskaintza “zabala” eta erakustaldi zein ikastaro praktikoak izango dira goizean zehar: “Itsasoko Hariztizabal baserriko Itsaso Olabideren eskutik gaztetxoentzako gaileta tailerra izango da batetik, eta Anne Otegi sukaldari itsasondoarrak berriz, azokan erositako elikagaiekin errezeta goxoak egiteko sukaldaritza saioa eta dastaketa” egingo ditu.
Azoka inguruko 15 artisauen postuek osatuko dute. Aurtengoan bereziki nabarmendu nahi dute artilea eta Maduixa Gorriako Sandra Criville artilea nola lantzen den erakutsiko du.
Azoka bazkari herrikoi batekin amaituko da ohi bezala. Biziolak prestatuko du menu ekologikoa: “barazki paella, jogurta, ogia, edaria eta kafea”. Bazkarirako txartelak 15 euroan daude salgai Biziolan, Goierriko Baratzan eta Zeraingo turismo bulegoan.
Amaitzeko, Zeraingo herriaren inplikazioa azpimarratu nahi izan ditu Aranburuk, “zeraindarren auzolanik gabe azoka ez litzateke posible izango”, esan du. Azoka egunean dolare bat jarriko dute plazaren erdian eta sagarrak zanpatzen ikusteko aukera egongo da zuzenean. Halaber, egun horretan erabiliko diren sagarrak auzolanean jasoko dituztela aurreratu du, eskolako haurren eta herritarren parte hartzearekin.
Hamabostaldi ekologikoa
Azoka ekologikoak emango dio hasiera aurten Goierriko Hamabostaldi ekologikoari. Aurten ere hamabostaldia helburu argia du, “nekazaritza ekologikoa eta kontsumo eredu iraunkorrak bultzatzea, tokiko ekoizpena eta elikadura osasuntsu eta jasangarria sustatzeko beharra” azpimarratuz, Biolourreko Judit Garziaren hitzetan.
Egutegia:
- Irailak 24, asteazkena: Kontserba tailerra izango da Biziolan, 17:00an.Olatxu Laboreak proiektuaren atzean dagoen Haize Bengoetxean gidatuko du saioa. 3 orduko iraupena izango du.
- Irailak 27, larunbata: Olaberriko Etxeberri Goikoa baserrira bisita eta dastaketa;,Olaberriko bolatokitik irtenda 10:00etan.
- Irailak 30, asteartea: Euskal Herriko tomate barietateei buruzko hitzaldia, 18:30ean Biziolan. Alekako Marta Barbarekin eskutik.
- Urriak 4, larunbata: EMAUS Fundazioarekin elkarlanean uztailetik martxan dagoen bigarren eskuko arropa dendaren irekiera festa 11:00etan.
- Urriak 9, osteguna: Lemoiz: Herri garaipen bat nuklearizazioaren aurka liburuaren aurkezpen ekitaldia D´Elikatuz zentroan, 18:30ean Iñaki Petxarroman egilearekin.













