Elkarrekin-Podemosek Saioa Alkaizari Igartza Saria itzultzeko eskatu du
CAF babesletzatik kanpo uztea eta babesleen eredua berrikustea proposatu du Beasaingo Elkarrekin-Podemosek.
Saioa Alkaiza Igartza Sariaren entregaren egunean, Donostian.Ariane Vierbücher Beasaingo Elkarrekin-Podemos udal taldeak mozioa aurkeztu du Saioa Alkaiza iruindarrari Igartza Saria baldintza ekonomiko berberetan ematea eskatzeko, baina CAF enpresaren babesik gabe. Gogoratu behar da Alkaizak, sariaren irabazletzat jo eta hiru egunera, bekari uko egin ziola, CAFek Israelen dituen harremanak salatuz.
Elkarrekin-Podemoseko bozeramaileak Aritz Corsittok azaldu du “onartezina dela pertsona batek, bere koherentzia eta konpromiso etikoagatik, zilegitasun osoz irabazitakoa galdu behar izatea”. Gaineratu duenez, “Beasaingo kultur saririk entzutetsuenak ezin du giza eskubideen urratzeagatik seinalatutako enpresa baten babespean egon”. Amnesty Internationalek eta beste hainbat erakundek CAF seinalatu dute giza eskubideen urraketa larriak eragiteagatik.
Hiru puntu
Mozioak hiru puntu jasotzen ditu: Saioa Alkaizaren koherentzia eta konpromiso etikoa publikoki aitortzea; Saria udal funts hutsekin berriro ematea, CAFen parte-hartzerik gabe; eta, etorkizuneko edizioetan babeslearen eredua berrikustea, giza eskubideak urratzeagatik seinalatutako enpresak baztertuz.
Beasaingo Elkarrekin-Podemosen bozeramaileak azpimarratu duenez, “eztabaidan dagoena ez da soilik sari literario bat, gure instituzioen sinesgarritasun etikoa baizik. Beasain erreferente izan behar da giza eskubideen defentsan eta ezin dio bizkar eman herri palestinarraren genozidioan”.
Hurrengo osoko bilkuran eztabaidatuko dute gaia.












