Giro ezin hobean ospatu dituzte Igartzako jaiak
Lau egunetan dozenaka ekintza izan dituzte auzoko jaietan. Argazki galeria albistean.
Apar festa Igartzako jaietan.Igartzako jaien batzordea Beasaingo Igartza auzoko jaiak giro ezin hobean ospatu dituzte. Ostegunean hasi ziren motorrak berotzen, barraken irekierarekin eta Indezent DJ-ak girotutako pintxo-potearekin. Ostiralean, berriz, ofizialki hasi zituzten jaiak, eta suziria jaurti zuten unetik, dozenaka ekintzez beteak eta auzotarren parte hartze zabalarekin ospatu dituzte jaiak, atzora arte.
Musika, kale ikuskizunak, gastronomiari lotutako ekintzak eta kirol jarduerak izan dira, beste batzuen artean. Mus txapelketa izan ohi da jaietako klasikoetako bat. Aurtengoak 31. edizioa zuen, eta bikote mordoxka batek parte hartu zuen, tartean, auzotarrak ez ziren asko. Irabazleei dagokienez, Ernesto eta Guridi ordiziarrak gailendu ziren, eta Harriet eta Telmo zizurkildarrak izan ziren azpitxapeldunak.
Patata tortilla lehiaketak ere parte hartze zabala izan zuen. Bikoteka hemen ere, aurtengo edizioan, 13.ena, Joseba Arizkorreta eta Maddi Imaz izan ziren irabazleak. Bigarren postuan, senitartekoak izan zituzten, Marijo Imaz eta Iñigo Imaz.
Mozorro egunak ere erantzun bikaina izan zuen. Urtero gai desberdin bat proposatzen du antolakuntzak; aurten espazioa izan da. Mozorro kontuetan onenak, Oskar eta Arantxa izan ziren.
Eta herri kiroletan, hemen ere giro bikaina eta parte hartze zabala izan zen. Txingata, gizonezkoen artean, Joseba Arizkorretak irabazi zuen, eta emakumezkoen artean, Erika ‘la negra’-k. Sokatiran berriz, auzotarrak gailendu ziren.
Jarraian, aurtengo jaiek eman dutenaren lagin bat, argazkietan:












