'Jarri zure bizikleta prest Mugirekin' kanpaina, Goierriko lau udalerritan
Aldundiak antolatuta, furgoneta-tailer baten bidez, bizikletak konpontzeko oinarrizko zerbitzua eskainiko zaie Mugi txartel pertsonalizatua dutenei Gipuzkoako hogei herritan. Goierrin, bihar dira lehen bi saioak, Zumarragan eta Legazpin.
Legazpiko Tipi Tapa ekimena, iazko irailean, Mugkortasunaren Astean.Hitza Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Jarri zure bizikleta prest Mugirekin kanpaina jarri du martxan Mugikortasunaren Europako Astearen barruan, Azahara Dominguez diputatuaren hitzetan “garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak dakartzan onurei buruzko sentsibilizazioa helburu” duena, “bereziki garraio publikoa, bizikleta eta oinez egindako joan-etorriak, bai ingurumenerako, bai osasun publikorako onuragarriak direlako”. Gipuzkoako hogei udalerritan egingo dute ekimena, Goierriko lautan.
Furgoneta-tailer baten bidez, bizikletak konpontzeko oinarrizko zerbitzua eskainiko zaie Mugi txartel pertsonalizatua aurkezten duten guztiei. “Gainera, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA) lankidetzan, beharrezko laguntza eskainiko zaie Mugi txartela eskatu nahi duten pertsona guztiei. Horrela, bizi-ohitura osasungarriak sustatzeaz gain (esaterako, herritarren artean bizikleta egunero erabiltzea), garraio publikoaren erabilera sustatzen da Mugi sistemaren bidez”.
Irailaren 16an eta irailaren 24an
Goierriko lehenengo biak bihar dira, Zumarragan eta Legazpin, eta irailaren 24an beste biak, Beasainen eta Ordizian. Zumarragako Euskadi plazan, 10:30etik 14:00etara jarriko dute furgoneta-tailerra, eta Legazpiko Euskal Herria plazan, 16:00etatik 20:00etara. Beasainen, Erauskin plazan, 10:30etik 14:00etara izango da, eta Ordizian, Plaza Nagusian, 16:00etatik 20:00etara.
Furgoneta-tailerretan parte hartzen dutenak bi bizikletaren zozketan eta 20 euroko balioko 60 birkargaren zozketan sartuko dira.












