'Kateriñe', gerren aurkako aldarria
Iñigo Sarasola diseinatzaile beasaindarrak egin ditu komikia ilustratzeko marrazkiak.
Iñigo Sarasola eta Maitena Illarramendi, Donostian, liburuaren aurkezpenean.Erein argitaletxea Kateriñe (Erein, 2025) komikia aurkeztu dute gaur, gerren memoria eta bakearen aldeko aldarria uztartzen dituen lana. Iñigo Sarasola diseinatzaile beasaindarrak egin ditu ilustrazioak. Idatzizko kontakizuna Maitena Illarramendik osatu du.
Kateriñe liburuak ihesaldi eta erresistentzia istorioak jasotzen ditu, eta oinarrian Illarramendiren amonaren, Kateriñe Letamendiren bizipenak ditu. Letamendik eguneroko batean jasotakoa da komikiaren ardatza. Hain zuzen ere, 1936ko uztailaren 19an, 36ko gerra lehertu zen egunean hasi zen egunerokoa idazten. Tamalez, beldurrak jota, egun batean egunerokoa suntsitzea erabaki zuen. Baina urte askoren bueltan, barneko minak askatzeko, egunerokoan idatzitako istorioak berridatzi zituen.
Orain, haren biloba Maitenak, istorio haiek berreskuratu eta oroimen pertsonaletik abiatuta, oroimen kolektiboaren garrantzia aldarrikatzen du, ahanzturaren aurrean bizirik iraun dezan. Bide horretan, Sarasolaren laguntza izan du, hitzak irudiekin janzteko.
Aurkezpenean Sarasolak azaldu du, marrazkiek “ahoz ahoko kontakizun horiek biziberritu” nahi dituztela eta irudiaren bidez “gerren aurkako oihu sendoa” egin nahi izan dutela. Illarramendik, bere aldetik, nabarmendu du “istorio hau ez dela soilik iragana, gaur egun ere mehatxatzen gaituen gerra logika baten isla” dela.
Kateriñe komikia, beraz, ez da iraganera begiratzeko ariketa soil bat: gerren biktimen oroimena bizirik mantentzeko tresna da, eta tokiko sortzaileen konpromiso artistiko eta etikoaren adibide argia.












