Musikaz eta kolorez jantzi dira Urretxuko kaleak
Kuadrillen karrozak, Itsasi joaldun taldea, Tolosako eta Urretxuko dultzaineroak, erraldoi konpartsak, Lizarriturri txistulari taldea eta dantza taldeak atera dira desfilean.
Desfileko karroza bat, idiek bultzaturik. Bihar amaituko dira Santa Anastasia jaiak Urretxun, eta gaurko, egitarau oparoa prestatu dute. Goizeresiarekin hasi dute eguna urretxuarrek, ondoren, artisau erakusketa eta azokaren irekierarekin batera, herri meza ere egin dute. 12:00etan, berriz, eguneko ekintza nagusiaren txanda izan da: Euskal Jaiko ibilaldia eta karroza desfilearen irteera. Kuadrillen karrozak, Itsasi joaldun taldea (Azpeitia), Tolosako eta Urretxuko dultzaineroak, erraldoi konpartsak (Urretxu, Legazpi, Bergara eta Tafalla), Lizarriturri txistulari taldea eta dantza taldeak atera dira desfilean, musika eta dantzaz herriko kaleak alaituz. Eguraldia lagun izan dutenez, jende ugari bildu da festara. Ondoren, Kantu poteoa egin dute Goiargi abesbatzarekin, kalez kale.
Herri bazkariaren ostean ere izango da zer egin eta ikusi:
- 18:30. Karrozen sari banaketa, Iparragirre plazan. Bertso Eskolako bertsolarien saioa eta Zuhaitzaren Soinua txalapartarien joaldia.
- 19:00. Zatekeen taldearekin erromeria, Gernikako Arbola plazan.
- 20:00. Kantu poteoa, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin.
- 23:00. Euskararen aldeko kandela piztea, kantuak eta musika, Gernikako Arbola plazan.
- 23:30. Gozategi taldearen kontzertua, Gernikako Arbola plazan.













