Belgikako 'mendeko kontratua' gero eta gertuago du CAFek
Belgikako Estatu Kontseiluak Siemens Mobilityren helegitea atzera bota du, eta bidea libreago du CAFek SNCBrekin 1.695 milioi euroko kontratua ixteko.
CAFen lantegia Beasainen.Ariane Vierbücher Lehen oztopoa gainditu du CAFek Belgikan, izan ere, Belgikako Estatu Kontseiluak Siemens Mobilityk aurkeztutako helegitea baztertu du, SNCB tren operadore belgikarrak Beasaingo enpresa bazkide nagusi izendatzeko hartutako erabakia zalantzan jartzen zuena. Epaiak berretsi du prozedura legezkoa izan dela, eta horrela, CAF urrats bat hurbilago dago herrialde horretan “mendeko kontratua” deitzen duten akordioa lortzeko.
Lehen fasean, kontratuak 180 unitateren hornidura aurreikusten du, guztira 1.695 milioi euroko balioarekin, baina gehienez 600 unitatera zabaltzeko aukera ere jasota dago, 3.400 milioi eurorainoko aurrekontuarekin. SNBCren helburua da bere tren floten erdia berritzea 2032. urterako.
Alstomen helegitearen zain
Siemensek zalantzan jarri zuen balorazio prozesuaren gardentasuna eta azken unean gehitutako irizpideak aipatu zituen, baina auditoreak berak kontrakoa gomendatu zuen, eta orain epaileak iritzi bera berretsi du. Hala ere, CAFen kontrako beste helegite bat oraindik aztertu behar du Belgikako Estatu Kontseiluak: Almstomek aurkeztutakoa. Enpresa frantsesak salatu du bere eskaintza merkeagoa zela eta bertako enplegua babesten zuela, bereziki Brujaseko lantegian.
Epailearen azken hitza falta bada ere, CAFentzat albiste positiboa da, izan ere, kontratua ixteak 15.590 milioi euroko eskeren zorroari bultzada handia emango lioke.













