Jabego pribatuko «etxebizitza handiak» nahi dituzte idiazabaldarrek etxebizitza beharren inguruko azterketaren arabera
Azterketaren arabera, galdegindako hamar herritarretatik bederatzik Idiazabalen bizitzen jarraituko nahi dute etorkizunean.
Etxebizitzen beharrari buruzko azterketaren emaitzak aurkeztu zituzten atzo, Idiazabalen.Idiazabalgo Udala Herrian dagoen etxebizitzaren premia ikusita, Idiazabalgo Udalak eta IKEI aholkularitzak etxebizitzaren inguruan herritarrek duten iritzia eta beharrak ezagutzeko apirilean egindako azterketaren emaitzak aurkeztu zituzten atzo batzar ireki batean. Guztira, 369 herritarrek hartu dute parte zuzenean telefonoz, nahiz Idiazabalgo Udalaren web gunean online egindako galdeketan.
Azterketaren helburua lehendabiziko etxebizitza baten edo berri batera aldatzeko beharra duten idiazabaldarren etxebizitza beharrak kuantifikatu eta kualifikatzea izan da. Galdeketak emaitza garbiak utzi ditu Iñaki Alberdi alkatearen hitzetan. «Ondorio garbiena izan da bertako herritarra oso errotuta dagoela Idiazabalera», hala herrian bertan geratzeko asmoa agertu dute galdegindako hamar herritarretatik bederatzik.
Jabego pribatuaren aldeko hautua alokairukoarena baina nabarmen handiagoa izan da: jabetzan etxebizitza berria %36k nahi du, jabetzan berria edo erabilia %37k eta alokairuan %8k. Etxebizitzaz aldatzeko beharra dutenen artean, «etxebizitza handia nahi dute gehienek»: 60 metro karratuko etxebizitza %6k; 75 metro koadrora arteko etxebizitza %13k; 75-90 metro koadro artean %31k eta 91-120 metro koadro artean %33k.
Jasotako emaitzak Idiazabalgo gaur egungo egoeraren isla dira Alberdiren ustez, «Idiazabalgo etxebizitza parkearen ehuneko handi bat 80 metro koadrotik gorako etxebizitzena da. Etxebizitza parke nahiko berria daukagu eta bigarren eskuko etxebizitzetan mugimendua badago, baina poltsa bukatzen ari da», dio. Emaitza hauek kontutan hartuko ditu udalak Zepai auzoan dituen lursailen plan partziala egiteko. Behin behineko proposamena jendaurrean jarriko dute gero, alegazioentzako epea irekiz.













