Osakidetzak psikologo zerbitzua abiatuko du Beasaingo osasun zentroan
Lehen arretan txertatuko duen zerbitzu hau proba pilotu bat izango da. Hamahiru osasun zentrok parte hartuko dute, tartean Beasaingok.
Beasaingo osasun zentroa.Andrea Aranburu Osakidetzak psikologo zerbitzua txertatuko du lehen mailako arreta zerbitzuan. 13 osasun zentrotan abiatuko dute proiektu pilotu hau, eta horien artean dago Beasaingoa. Helburua da herritarrei ongizate emozionalari buruzko arreta azkarragoa eta hurbilagoa eskaintzea, euren ohiko osasun zentroan bertan.
Zerbitzu honetan jardungo duten psikologoek, medikuntza Orokorreko profesionalen eta osasun mentaleko espezializatuen artean jardungo dute bitartekari, eta batez ere, nahasmendu arinak edo eguneroko bizitzan eragozpenak sortzen dituzten arazo emozionalak artatuko dituzte, hala nola, antsietatea, depresioa edo insomnioa. Arreta, oro har, taldeko esku-hartzeen bidez egingo da, arazo horiei aurre egiteko trebetasunak indartuz.
Gipuzkoan, Beasainez gain, Altzan, Pasai San Pedron eta Irunen abiatuko da zerbitzua; Araban Lakuabizkarran eta Salburuan; eta Bizkaian, Buenavistan eta Errepelegan (Portugalete), Otxarkoagan, Txurdinagan, Santuxtu-Solokoetxen, Gernikaldean eta Basauri-Kareagan.













