Sexualitatea askatasunez eta osasuntsu bizitzeko tresnak herritarrentzat
Zerbitzua udaletxean eta ikastetxeetan eskainiko da.
Sexu aholkularitza zerbitzua eskainiko den udaletxeko gela. Beasaingo Udalak, Berdintasun Sailaren bidez, sexu aholkularitza eta informazio zerbitzua berriro martxan jarri du, Lahia 3.0 Sexologia eta Hezkidetza elkartearen eskutik. Zerbitzua publikoa eta doakoa da, eta udal gobernuaren arabera, «berdintasunaren eta ongizate kolektiboaren aldeko konpromisoa argi islatzen du».
Helburua da herritarrei sexualitatea, desira eta harremanak modu osasuntsuan eta askatasunez bizitzeko tresnak eskaintzea, tratu onetan oinarritutako harreman osasungarriak sustatuz. Zerbitzua pertsonalizatua izango da, eta lantzeko gaiak genero identitatea, sexu-orientazioa, plazera, sexu-indarkeriaren prebentzioa edo sexuen arteko botere-harremanak izango dira, besteak beste.
Arreta bi esparrutan emango da: Udaletxean, astelehenetan 16:30etik 19:30era, aurrez hitzordua hartuta; eta ikastetxeetan, zehazteko dauden datetan.
Gainera, herritarrek aholkularitza jaso ahal izango dute posta elektroniko bidez (sexuaholkularitza@beasain.eus) eta sare sozialen bidez (@lahia3.0). Udalak gogorarazi du anonimotasuna eta konfidentzialtasuna bermatuta daudela.
Aurreko ikasturtean egindako balorazioa «oso positiboa» izan zela adierazi du Lahia 3.0 elkarteak, herritarrek sexualitatea «irekiago eta askeago» lantzeko urrats garrantzitsuak eman dituztelako. Horregatik, Beasaingo Udalak zerbitzua mantendu eta sendotzeko konpromisoa hartu du.













