Berrikuntzaz beteriko Gazte Eguna
Jaietako aurreneko asteburuan ospatuko da Zaldibiako I. Gazte Eguna, urriaren 3an. Giroa, lehia, elkartasuna eta musika ez dira faltako.
Zaldibiako Gazte Asanbladako hainbat kide, Aralarrera egindako irteera batean. ZGA Festaleku estimatua izaten da Zaldibia urriko lehen asteetan; jendetza batzea lortzen du urteroko ekitaldietan, eta bertako bizilagunez gain, izaten da Goierriko gainontzeko herrietatik ere bertaratzen denik. Jai hauen arrakasta, baina, ez da kasualitatea. Herriko eragile ugarik egiten dute lan egitaraua osatu eta giroa bermatzeko. Hala, herritarrek antolatutako ekimenek protagonismo handia dute; azken urteotan, Zaldibiako Gazte Asanblada izan da ekintza eta jarduera askoren motor nagusietako bat, eta aurtengoan ere ez da gutxiagorako izango.
Asanbladako kideen esanetan, ezinbestekoa da herrian antolatuta dauden eragileek jaietan ere ekarpen aktiboa egitea. «Beste eragile askoren gisan, herriko dinamikaren eta bizitzaren parte da Gazte Asanblada, eta hala izaten jarraitu behar du», adierazi dute. Gazteek nabarmendu dute urte osoan herriari begira ekintza ugari antolatzen dituztela: gazte festak, mendi-irteerak, haurrentzako jarduerak…
Goitibeheren berrikuntza
Aurtengo jaietan berrikuntzak ekarriko ditu Gazte Asanbladak. Lehengo aldiz, I. Gazte Eguna ospatuko da jaietako lehen asteburuan. Ohiko musika eskaintza zabalaz gain, goitibehera lasterketak antolatuko dira estreinakoz. Antolatzaileen arabera, Goierriko beste herri batzuetan ikusi dituzte horrelako probak eta aspalditik zuten ilusioa Zaldibian ere antzeko zerbait antolatzeko. Orain arte hura antolatzeko parte-hartze eta inplikazio maila handia behar izateak atzera eginarazi badie ere, aurten pausoa eman dute, eta «ilusioz beterik» daudela nabarmendu dute.
Dagoeneko zenbait lagunek eman dute izena eta interesa duten guztiei dei egin diete parte hartzera, bai lehiatzaile moduan, bai ikusle gisa: «Denon laguntza beharko dugu».
Proba Urtesabel auzoan egingo da, Aldaburutik beherako aldapan. Antolatzaileek adierazi dute toki aldapatsua dela eta segurtasuna izango dela lehentasuna. Horregatik, beste gauza batzuen artean, derrigorrezkoa izango da goitibeherek freno egokiak edukitzea eta parte-hartzaileek babesgarriak janztea. Edonola ere, asanbladako kideek urte luzetan Goierriko gainontzeko herrietan goitibeherak antolatu izan dituzten antolatzaileen aholku eta laguntza jaso dute: «Ezinbestekoa izan da guretzat haien laguntza; esperientzia handia dute eta horri esker gure ekimena segurtasun baldintza egokietan garatuko dugu».
Palestina ahaztu gabe
Goitibehera probaren ondoren, Palestinaren aldeko elkartasun ekitaldia egingo da plazan. Gazte Asanbladak argi utzi du gaur egungo testuinguru sozial eta politikoak kezka handia sortzen diela; hala, ikusten dute «ezinbestekoa» dela Israelgo estatua Palestinan egiten ari den genozidioa salatzea. «Aldarrikapen eta borroka honek kalean egon behar du, are gehiago eskualdean bertan Israelgo estatuarekin kolaboratzen ari den CAF enpresa dugunean. Gure egitekoa da konplizitateak salatzea eta palestinar erresistentziari babesa adieraztea», adierazi dute.
Ekitaldi hau ez da isolatutako keinu bat; asanbladak azken urteotan sarri eraman du kaleetara elkartasunaren mezua, herriko jaietan ere gogoeta sozial eta politikorako tartea egon dadin.
Egitarau parte-hartzailea
Aurten, urriaren 3an, ez da bereziki haurrei zuzendutako jarduerarik egongo, baina asanbladako kideek nabarmendu dute egitaraua «anitza» izango dela eta «edonork» parte hartu ahal izango duela: izan ekintzetan murgilduta, izan Palestinari elkartasuna adierazten edo iluntzetik gauera arte musika eskaintza zabalaz gozatzeko plazara hurbilduta.
Izan ere, festak gauean ere jarraituko du eta giroa alaitzeko gonbidatu bereziak izango dira. 22:30etik aurrera, herriko plazan Odei, Imuntzo eta Beloki eta DJ Tintz arituko dira musika jartzen eta jaiari jarraipena ematen. Asanbladak herritar guztiak gonbidatu ditu eta berretsi du Gazte Egunak etorkizunean ere segida izango duela, herriko jaietan tokia eta indarra irabazita.













