Herri kiroletan, jo eta ke
[ARGAZKIAK ETA BIDEOA] Jotake Lazkaun eguna dute Lazkaon. Herri kirol lehiaketa egin dute bederatzi taldek. Mugaldekok taldea izan da irabazlea.
Herri kiroletan parte hartu duten taldeetako kideak, Lazkaoko plazan.Laida Goiburu Euskarari eta euskal kulturari bultzada emateko helburuarekin, aurten ere Jotake Lazkaun eguna antolatu du JTK Lazkaun elkarteak gaurko. Laugarren aldia izan da. Eguerdian eman diote hasiera egunari, herri kirol lehiaketarekin. Eguraldi eguzkitsua lagun, bederatzi taldek parte hartu dute, eta herritar ugari bildu da plazan jarritako herri kirolen zirkuituaren inguruan. Elkarteak zapi palestinarrarekin joateko deia egin zuen, Israelgo estatua Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko, eta parte hartzaile askok egin dute bat deialdiarekin.
Nahi ta ezin, Guantanamera, Halaber, EH Bildu, Neska gaztek, Mugaldekok, Gazte asanblada, Mugakok eta Benjamiñek taldeek parte hartu dute lehiaketan. Tokan, koskolak biltzen, txingak eramaten, giza proban eta trontzan aritu dira. Nahi ta ezin taldeak bakarrik egun du lehen itzulia, eta beste zortziak binaka, elkarren kontra erlojupekoan. Lehen itzuli horren ondoren, denborak ikusita, bi finalistak erabaki dira: Mugaldekok eta Mugakok. Finalean Mugaldekok taldeak aurrea hartu dio Mugakok taldeari, eta hura nagusitu da.
Ondoren bazkaritara joan dira; pilotalekuan bazkaldu dute denek elkarrekin. Arratsaldean sagardo dastaketa dago, eta iluntze partean trikitilari eta dultzaineroak, joaldunak eta musika.
Talde txikiak barne hartuko zituen elkarte orokorrago bat sortzea erabaki zuten, eta hala sortu zuten JTK Lazkaun elkartea. Egun herriko hainbat eragile eta talde biltzen ditu: mus-muskorrak, talogileak, joaldunak, serigrafia taldea, herri bazkari-afarietan laguntzen duen taldea eta alboka ikastaroak eskaintzen dituen taldea, besteak beste.
Txarangen bilkura
Horretaz aparte, txarangen bilkura egon da herrian. Kataluniako Colonia Guell txarangan, Lazkaoko Jundajo txarangak eta Ordiziako Burrunbazale txarangak parte hartu dute topaketan. Tabernaz taberna ibili dira haien musikarekin kaleak alaitzen.













