Lide Urrestarazuk Gorbeia Suzien irabazi eta errekorra ezarri du
Naiara Irigoien burlatarrak egin du bigarren. Aritz Egea urretxuarra hamabigarren postuan helmugaratu da, eta Aitor Zunzunegi legorretarra hamazazpigarren postuan.
32 kilometroko Gorbeia Suzien probako Top5a. Erdian, Lide Urrestarazu.Hitza Lide Urrestarazu ordiziarrak Zeanuriko (Bizkaia) Gorbeia Suzien lasterketa irabazi du, Skyrace 32 kilometroko (2.400 metro desnibel positiboarekin) proban. Munduko Kopako proba da. Lehen postuan sartu da helmugan, 3:34:16 denboran, eta irabazi ez ezik, probako errekor berria ezarri du marka horrekin. Bere atzetik sartu da, zortzi minutu pasatxora, Naiara Irigoien burlatarra, eta hirugarren postua lortu du Asturiasko Marta Martinez Abellanek.
Gizonezkoen artean, Aritz Egea urretxuarra hamabigarren postuan helmugaratu da, eta Aitor Zunzunegi legorretarra hamazazpigarren postuan.
Goierriko beste hainbat lasterkarik ere parte hartu dute. Lazkaoko Harkaitz Zubeldia (54. postua), Legazpiko Kepa Larrañaga (76) eta Zegamako Zorion Barandiaran (82) lehen ehunen artean geratu dira.
21 kilometroko proban (1.200 metro desnibel positiboarekin), berriz, Xabat Maiotz segurarrak zazpigarren postua eskuratu du, Iker Sanchez beasaindarrak 25. postua eta Xabi Barandiaran zegamarrak 31. postua.













