Nagore Ariztimuñok eta Aitzol Callejok irabazi dute 29. Harrikalari Txapelketa
[ARGAZKIAK] Bigarren geratu dira Oier Alustiza eta Leire Rodriguez. Xabin Ezkurdiaren omenezko lehenengoa izan da, iaz bertan behera geratu zelako eguraldiagatik.
Leire Rodriguez, Nagore Ariztimuño, Aitzol Callejo eta Oier Alustiza, txapelketaren ondoren.Laida Goiburu Ormaiztegin San Migel eguneko (astelehenean da) ospakizuna egin dute gaur. Eguerdian 29. Harrikalari Txapelketa egin dute Antonenen. Gizonen artean, 21 herritarrek parte hartu dute lehiaketan, eta emakumeen artean, berriz, zortzik. Nagore Ariztimuñok eta Aitzol Callejok jaurti dute harria urrutien, hala txapelketa irabazita. Bigarren geratu dira Oier Alustiza eta Leire Rodriguez. Xabin Ezkurdiaren omenezko lehenengoa izan da, iaz bertan behera geratu zelako eguraldiagatik. Aurten, eguraldi eguzkitsua eta epela izan dute ormaiztegiarrek sanmigeletako ospakizunerako.
Bi harri ezberdin bota dituzte emakumeek eta gizonek; emakumeek harri borobila jaurti dute, 1.680 gramokoa, eta gizonek, aldiz, harri luzexkagoa (aurrekoa puskatu egin zen, borobila), 1.780 gramokoa. Tiraldi bakarra egon da. Nagore Ariztimuñok 15,10 metrora bota du harria, eta Leire Rodriguezek 12,10 metrora. Aitzol Callejok, berriz, 31 metrora jaurti du harria, eta Oier Alustizak 30,20 metrora.
Aurretik, 33. Toka Txapelketa jokatu da. Mounir Ziani izan da irabazlea, eta bigarren Eneko Maiz. Arratsaldean, mus txapelketaren eta patata tortilla lehiaketaren ondoren, jai giroarekin jarraituko dute, eta 21:00etan afari herrikoia egingo dute karpan. Gauean, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeak joko du.

Mounir Ziani tokan.//Angel Elortza

Nagore Ariztimuño harria botatzen.//Angel Elortza

Oier Alustiza harria botatzen.//Angel Elortza













