Herri kirol erakustaldia egin dute Altzagan
Harri jasotzen Elene Ostolaza eta Udane Ostolaza aritu dira, eta aizkoran Arkaitz Etxebeste eta Eneko Otaño.
Udane eta Elene Ostolaza harri-jasotzaileak. Altzaga San Migel jaietan murgilduta dago, eta gaur arratsaldean, herri kirol ikuskizunaz gozatu ahal izan dute herritarrek. Harri jasotzen Elene Ostolaza eta Udane Ostolaza ahizpak aritu dira; aizkoran, berriz, Arkaitz Etxebeste eta Eneko Otaño.
Eguraldia lagun, giro aparta izan da herriko plazan, eta ez da ikusleen animorik falta izan. Erakustaldiaren ostean, Aburuza, Begiristain, Bereziartua, Urbitarte, Isastegi eta Eguzkitza sagardotegietako sagardoak dastatzeko aukera izan da.
Bihar jarraipena izango du festak, San Migel eguna ospatuz. Biharko egitarauari dagokionez, 13:00etan meza izango da, 14:00etan herri bazkaria, eta baita bertso saioa ere, Maialen Lujanbio eta Aner Peritz bertsolariekin, eta Imanol Intsausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariekin.












