Unai Ibarra eta Irati Zubizarreta garaile Josetxo Imaz proban
Ia 300 korrikalarik parte hartu dute aurtengo 25. urteurreneko memorialean. 10:00etan haurren lasterketak jokatu dira eta helduena 11:00etan hasi da.
Unai Ibarra, gizonezkoetan lehen korrikalaria, helmugara sartzen. Unai Ibarra arrasatearra eta Irati Zubizarreta beasaindarra izan dira aurtengo Josetxo Imaz memorialeko azkarrenak. Ibarrak 0:31:06 behar izan du 10 kilometroko ibilbidea osatzeko, eta Zubizarretak, berriz, 0:39:23. Gizonezkoetan bigarrena, Burladako Miguel Aristu izan da, eta hirugarrena, Segurako Eneko Agirrezabal. Emakumezkoetan berriz, Naiara Domeño tolosarra izan da bigarrena, eta Oihana Oleaga donostiarra hirugarrena.
Aurten mende laurdena bete du Josetxo Imaz lasterketak, eta urteroko egitarauaz gain, herri bazkaria ere antolatu dute Ordizian. Ohiko moduan, lehenik, haurren lasterketak egin dituzte, 10:00etan hasita, eta jarraian, helduen probaren txanda izan da, 11:00etan. Ordiziako Altamiran hasi eta bukatu da lasterketa, Beasain eta Lazkao zeharkatu ondoren. Denera, ia 300 korrikalarik parte hartu dute.
Gainera, lasterketa hasieran, Xabier Mendizabal, Jose Ignacio Etxebarrieta eta Manuel Etxarriri aipua egin diete, Josetxo Imaz Memorialeko 25 urteetan atera baitira lasterketan.
SAILKAPENA:
Gizonezkoak:
- Unai Ibarra Gallardo (0:31:06)
- Miguel Aristu Perez de Larraya (0:32:07)
- Eneko Agirrezabal Telleria (0:32:27)
Emakumezkoak:
- Irati Zubizarreta Armendariz (0:39:13)
- Naiara Domeño Civico (0:41:20)
- Oihana Leaga Guridi (0:42:25)












