Urrup antzerki taldearen 'El 27' antzezlana ikusgai izango da ostiralean
Lazkaoko Areria Aretoan taularatuko du Urrup antzerki taldeak 'El 27' antzezlan berria, 20:30ean. Ana Martinez Azkonak idatzi eta Rosa Rojok zuzenduriko komedia da.
Emanaldiko protagonisten argazkia.Urrup Urrup Antzerkiak El 27 antzezlana taularatuko du ostiralean, urriak 3, 20:30ean, Lazkaoko Areria Aretoan. Lazkaoko Udalarekin elkarlanean antolatutako ekimen bateratua da eta sarrera doan izango da. Besteak beste, Urrupek aurretik beste zenbait antzezlanetan jorraturiko gaiak landuko dira oraingo honetan ere, hala nola indarkeria matxista, sexu-aniztasuna, amatasun kontzientea, jeloskortasuna… horiei arrazismoa, edadismoa edo bakardadea bezalako gizarte-kezkak gehituta.
Ana Martinez Azkonak idatzi eta Rosa Rojok zuzendutako komendia da eta Nekane Aramendi, Maribi Lopez, Nora Akosta, Migel Angel Veliz ‘Lillo’, Ana Martinez, Gorka Lariz, Jose Luis Elortza, Marisol Cavero, Juan Manuel Pecharroman eta Urtzi Gorostiaga igoko dira oholtzara. Bestalde, Julen Iraola arduratuko da teknikari lanez.
Hona hemen antzerkiaren sinopsia:
27. lineako autobus geltokian gaizki-ulertuz eta egoera zoro eta dibertigarriez osatutako komedia bat ikusiko dugu. Bertatik egunero pasatzen diren emakume eta gizonek elkar maitatu, erasotu edo baztertzen dute, elkarri lagundu edo gezurrak esaten diete, hitz batez, bizirik irauten dute. Beraien tragedia gure komedia da. Inkomunikazioa da mikrokosmos horretan bizi diren izakien endredoen atzean dagoena.. Shakespearek zioenez, mundua eszenatoki bat bezalakoa da. 27aren zain egon besterik ez dago arrazoia zuela egiaztatzeko.












