Aniztasun jaia ospatuko dute zaldibiarrek igandean
Urteroko Ekuadorreko dantzarien ikuskizunaz eta herrialde ugaritako jana zein edana dastatzeaz gain, hitzaldi musikatua egingo dute Gazako musika talde baten laguntzaz, estreinakoz.
Ekuadorreko dantzarien ikuskizuna, iazko aniztasun festan. Maider Insausti Zaldibian dauden kulturen erakustoki bihurtuko da igande honetan herriko plaza; Aniztasun Festa egingo dute, Etxekonekok antolatuta. Kolorez jantziko da plaza, herrialde desberdinetako banderekin eta jantzietako koloreekin, hain zuzen. Baina jantzi eta koloreez gain, jaki ugari ere izango dira, bertara gerturatzen direnek probatzeko aukera izan ditzaten. Ekuadorreko, Nikaraguako, Errumaniako, Ukrainako, Peruko, Venezuelako eta beste zenbait herrialdetako jakiak izango dira dastagai.
Jana zein edana dastatu eta bertako herritarrak ezagutzeko aukera goizean goizetik izango bada ere, egunak izango du bestelako ekintza berezirik: dantza ekuatoriarraren ikuskizunaz gain, eguerdiko 12:00etan hasita, hitzaldi musikatua eskainiko da plazan, Gazatik etorriko den sol band taldearen musikak girotuta. Herritarrei bertaratzeko deialdi berezia egin nahi diete antolatzaileek. Hori gutxi ez, bukatutakoan, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga bertsolariak ariko dira herrian zehar kantuan.
Haurrek ere izango dute zer egin igandean; izan ere, umeentzat zuzenki prestaturiko tailerrak eskainiko dira, eta tatuaiak egiteko aukera ere izango dute, tatuaiak egiten dituen Hennari esker. Hori dela eta, herritar guztiei bertaratzeko gonbitea luzatu diete.













