Bihar lehertuko da festa Zaldibian
Bihartik igandera ospatuko dituzte Zaldibiako jaien aurreneko lau egunak. Mozorrotuen eguna da larunbata. Bigarren jardunaldia urriaren 10-11rako antolatu dute, eta kuadrillen egunarekin itxiko dute ekinaldia.
Lagun talde bat mozorrotuta Zaldibiako festetan.Ariane Vierbücher Zaldibiarrak hasiak dira plazako agertokia atontzen, haurrentzako barrakak muntatzeko eskola-ingurua libratzen, taberna zein txosnetako edari hornikuntzak biltegiratzen… atzera kontaketa baten ondoren, hemen dira zaldibiarrek luze itxarondako urteko egunik kuttunenak: bihar hasi eta igandera arte iraungo du lau eguneko agenda-ekitaldi beteak, eta hurrengo asteburuan amaituko dira. Larunbatean izango da mozorro eguna, eta datorren zapatuan, berriz, kuadrillena.
Zaldibiako Talo Taldeak jaurtiko du, bihar iluntzean, herriko jaiei hasiera emango dien txupinazoa; 1998an sortu zen Zaldibiako Talo Taldea, Egin egunkaria itxi zuten urte berean. Izan ere, egunkari berri bat sortzeko diru-premia zegoenez, herriko hainbat bizilagun elkartu, taldetxoa osatu, eta herriko jaietan talo postua jarri zuten aurrenekoz, lortutako diruarekin ekarpena egiteko asmoz. Harrezkero, urtero, koronabirusak etendako hiru urteetan izan ezik, herriko jaietan borondatezko lanaren bitartez taloak eskaini izan dituzte.
Ibilbide baten aitortza
Aurten 25 urte beteko dira taloak saltzen hasi zirenetik, eta horregatik erabaki du festa batzordeak talo taldea omendu eta txupina botatzeko aukera eskaintzea. Urteetako lanari «aitortza» egiteko modu gisa hartu dute talo taldeko kideek aurtengo jaietan pregoia emateko aukera: «Poz handia sentitzen dugu borondatez egiten dugun lana aintzat hartu delako, eta oso eskertuta gaude; gure lana errekonozitua dela sentitzen dugu».
1999az geroztik, talo taldeak Etxeraten izenean jarri du postua, euskal preso eta iheslarien gastuei aurre egiten laguntzeko, eta, urtez urte, egitasmoa sendotuz eta herrian errotuz joan da. Gaur-gaurkoz, hala ere, diru premia handiari aurre egin behar izaten diotela adierazi dute taldeko kideek, eta horregatik, epe motzean behintzat, herrian errotuta dagoen ekimenarekin jarraitzea da euren asmo nagusia: «Herritarrek nahiz kanpokoek gure taloak dastatzeko aukera izaten jarraitzea nahi dugu».

Zaldibiako Talo Taldeko kideak.Zaldibiako Talo Taldea
Eragileen inplikazioa
Zaldibiako jaiek zerbait berezia badute, herriko eragileen inplikazioa izaten da; elkarlanean ondu dute aurtengo egitaraua, nork bere ekarpena eginda. Etzi, esaterako, Ausa Gaztelu Guraso Elkarteak antolatuko ditu goizeko jolasak zein haurren play-backa, eta Beti Gazte Elkarteak, berriz, Toka Txapelketa eta jubilatuen hamaiketakoa. Arratsaldetik aurrerakoa, ordea, Gazte Asanbladaren esku egongo da, estreinakoz antolatu duten lehenengo Gazte Egunaren barruan prestaturiko ekitaldiekin. Igandean, berriz, aniztasun festa egingo dute Etxekonekok antolatuta. Herrian dauden kulturen erakustoki izango da plaza, jai, kantu eta dantzak bitarteko. Baina ez hori bakarrik. Igandeak ere izango du euskal folkloretik, Almitza Sega Elkarteak antolatutako sega-pikatze txapelketarekin edota Iztuetaren dantza emanaldiarekin. Urriaren 10eko arratsaldeko egitaraua, berriz, Xirikak antolatu du.
Trafiko arau bereziak
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebusen zerbitzu bereziak iragarri ditu, urriaren 4ko eta 11ko gauetan. Autobusa Ataundik irtengo da 00:35ean, eta Lazkao (00:50), Beasain (00:55) eta Ordizia (01:05) zeharkatuko ditu, eta 01:15ean iritsiko da Zaldibiara; bueltako zerbitzuak, berriz, 05:00etan eta 06:00etan izango dira.
Bestalde, eskola ondoko aparkalekuetan aparkatzeko aukera ohi baino murritzagoa izango denez, Zaldibiako Udalak garaje jabeei «enpatiaz» jokatzeko eskatu die: «Ahal dela, eta gainontzeko bizilagunei gauzak errazte aldera, sar itzazue zuen autoak garajeetan».
Egitaraua
Urriak 2, osteguna
- 18:30: Festak hasi aurreko kalejira, plazatik abiatuta.
- 19:00: Txupinazoa udaletxeko balkoitik. Ondoren, erraldoiak, buruhandiak eta txaranga.
- 20:00: Mondeju dastaketa plazan.
Urriak 3, ostirala
- 11:00: Jolasak.
- 12:00-13:30: Txorotxaranga haurrentzat, plazatik.
- 11:00: Toka, plazan.
- 12:00: Jubilatuen hamaiketakoa.
- 16:30: Haurren play-backa.
- 18:00: Goitibehera jaitsiera, Urtesabel auzoan. Bukatutakoan, Palestinaren aldeko ekitaldia plazan.
- 22:30ean hasita: Kontzertuak. Odei, Imuntzo eta Beloki, eta DJ Tintz.
Urriak 4, Mozorro eguna
- 11:00: Buruhandien kalejira eta arroz prestatze herrikoia, plazan.
- 13:00: Mozorrotuen bilkura eta argazki gunea, plazan.
- 14:30: Arroz bazkari herrikoia plazan, eta bazkaloste girotua.
- 19:30: DJ Reimy kalean zehar.
- 23:00: Ganibeten kontzertua.
- 00:00-03:30: Mugi panderoa taldearekin dantzaldia.
Urriak 5, igandea
- 12:00-14:00: Aniztasun festa.
- Eguerdian: Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga bertsolariak.
- 13:00-14:00: Sega-pikatze txapelketa.
- 17:30: Iztuetaren dantza emanaldia plazan.
- Ondoren: Herri kirolak plazan.
Urriak 10, ostirala
- 17:00: Pilota eskolako txapelketako finalak.
- 19:00: Elkarretaratzea euskal presoen eta Palestinaren alde.
- 19:30: Patata Tortilla lehiaketa.
- 21:00: Afaria.
- 23:30: Andoni Ollokiegi.
Urriak 11, kuadrilla eguna
- 11:00-13:30 eta 16:30-19:30: Puzgarriak Restin.
- 13:00: Kuadrillen irteera plazatik.
- 14:30: Bazkaria plazan.
- 18:00: Kuadrillen arteko jolasak eta kalejira.
- 23:00: Akerbeltz erromeria, eta ondoren, Oihana Begana DJa.













