Bueltan dira berriz, 3D inprimaketako ikastaroak, Errotatxon
Asteburu honetatik aurrera hilean behin irekiko dute laborategia. 2025ean zehar beste ikastaro batzuk ere aurreikusi dituzte. Momentuz herritarrei irekitako saioak dira, baina beste herrietara zabaltzeko bokazioa du.
Errotatxon egindako 3D inprimaketa saioetako bat. Hitza 2022an inauguratu zenetik, Errotatxo eraikinari erabilera berriak bilatzeko lanean dabil Mutiloako Udala. Etenaldi baten ondoren, berriz irekiko dituzte Errotatxoko ateak asteburu honetan. Urriaren 3an eta 4an, 3D inprimaketarako ikastaro irekia izango dela aurreratu du Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak.
Errotatxo eraikina berritu zuten lehenengo eta ondoren, barruko espazioak hornituz joan dira pixkanaka, agertuz joan diren beharren arabera. Beheko solairuan fabrikazio laborategi bat dute orain denbora bat, «3D inprimagailuak, laserra eta fresagailuak daude besteak beste», zerrendatu ditu Ugaldek. Hala, Errotatxon tresnak eta baliabideak eskaintzen dituzte, gero elkarlanean baliabide ezberdinak erabiliz norberak nahi duena egin dezan. «Helburua edonork edozer egin ahal izateko espazioak ahalbidetzea da», azpimarratu du alkateak.
Asteburu honetatik aurrera, hilean behin irekiko dute fabrikazio laborategia, eta «2025ean zehar beste ikastaro batzuk egitea» aurreikusten dute. Momentuz, herriko erabiltzaileentzat dago irekita laborategia, baina aurrera begira beste aukera batzuk aztertzen ari dira «beste herri batzuetara zabaltzeko».
Erabilera zehazteko lanean
3D inprimaketako ikastaroa ostiralean —16:00etatik 18:00etara— eta larunbatean —11:00etatik 13:00etara— gauzatuko da. Parte hartzeko ez da ezagutza maila jakinik edo aurretiazko esperientziarik behar. Ikastaroan objektu propioa sortu eta gero, etxera eramateko aukera izango dute parte hartzaileek. «3D inprimaketak eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko eta sortzeko aukera paregabea da ikastaroa» azpimarratu du.
Eraikinari dagokionez, herriko ondareetako bat da Errotatxo. Mutiloako Udalak «errota zaharraren balioa nabarmentzeko eta erabilera aldatzeko» proiektuaren lanak hainbat fasetan eraman ditu aurrera. Errotatxo, gaur egun, udalaren jabetzako eraikina da eta Donejakue Bidearen baitako elementuetako bat da. Eraikina bere osotasunean zaharberrituta dago, baina une honetan, Mutiloako Udala «balioan jartzeko eta beste erabilera batzuk emateko lanean» dagoela adierazi du Ugaldek.













