Iriarte Erdikoa baserria arkitekturaren bidez ezagutzeko hitzaldia, Zumalakarregin
Ibon Telleria eta Josue Susperregi adituak gonbidatu dituzte. Odarearen Europako Jardunaldien baitan antolatutako ekimena da.
Iriarte Erdikoa baserria, Tomas Zumalakaregiren jaiotetxea. Zumalakarregi museoa Europako Ondarearen Jardunaldiekin bat egin du aurten ere Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak. Igande honetan izango da jardunaldion baitan antolatu duen ekimena; Iriarte Erdikoa: baserritik museora izeneko hitzaldia.
Urtero bezala, gai orokor baten inguruan antolatzen dira jardunaldiak; aurten, Ondarea eraikitzen lelopean arkitektura hartu dute ardatz nagusi. Aurtengo gaiari eutsiz, Ormaiztegiko museoak bere eraikin propioari garrantzia emango dio «bere historia eta arkitektura publikoari zabaltzeko». Iriarte Erdikoa baserria, gaur egun, Zumalakarregi museoa kokatuta dagoen eraikina, XVIII. mendeko eraikina da eta «baserriek izan duten egokitzeko gaitasuna islatzen du». Iriarte Erdikoa baserriko zurezko egiturek, beste baserri askotan bezala, aldaketa horien aztarnak gordetzen ditu.
Ibon Telleria, arkitekturan doktorea eta Josue Susperregi, dendrokronologian doktorea arituko dira hizlari lanetan, igandean, 11:00etatik 12:30era. Baserriak garai bakoitzeko baldintza sozioekonomiko eta kulturaletara moldatzeko izan duten gaitasunaz arituko dira, eta dendrokronologiak «egurretako eraztun urtekarien azterketaren bitartez baserri baten jatorria eta bere bilakaera historikoa ezagutzeko ematen dituen aukerak azalduko dituzte, besteak beste. Jardunaldia doakoa da baina parte hartzeko izena eman behar da mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidean.













