Itsaso tokiko entitate txiki izateko prozesua martxan jarriko dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Gipuzkoako EH Bilduk hedabideetara bidalitako oharrean azaldu duenez, "EH Bilduk eta EAJk gai horretan duten oinarrizko adostasuna baliatuta ekingo zaio foru arauaren aldaketari". Urriaren 8ko osoko bilkuran emango zaio argi berdea aldaketarako tramitazioari.
Itsasoko ikuspegi orokorra, artxiboko irudian. Gotzon Aranburu Gipuzkoako EH Bilduk hedabideetara bidalitako ohar baten bidez jakinarazi duenez, Itsaso tokiko entitate txiki izateko prozesua martxan jarriko da Gipuzkoako Batzar Nagusietan, udal barrutien foru araua aldatzeari bide emanda, EAJrekin batera. Urriaren 8ko osoko bilkuran emango zaio argi berdea aldaketarako tramitazioari.
“EH Bilduk eta EAJk gai horretan duten oinarrizko adostasuna baliatuta ekingo zaio foru arauaren aldaketari”, adierazi dute oharrean. Udal-barrutiak eregulatzen dituen foru arauak honakoa jaso beharko du “EH Bilduk bultzatutako proposamenaren arabera”: “60ko hamarkadan biztanleen borondate demokratikoa kontuan izan gabe beste udalerri bati batu izan ziren herrien kasuetan, foru arau honetan xedatuta dagoen 500 biztanleen kopuruaren baldintza betetzetik salbuetsiak egongo dira”. Baldintza hori foru arauan jasota, Itsaso tokiko entitate txiki izango litzateke, Angiozarrekin batera.
Eskaera historiko bati erantzungo zaio modu horretan. EH Bilduk “ilusioz begiratzen dio” tramitazio faseari. EAJri, dena den, aurreko agintaldian aldaketari “iskin egin” ziola egotzi dio: “Ezin dugu ahaztu Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019-2023 agintaldian iskin egin ziola aldaketa hori gauzatzeko bere erantzukizunari, eta agintaldi honetan ere, EH Bilduk hartu behar izan duela gidaritza, ekimena Batzar Nagusietara ekarrita”. Baina, aldi berean, “txalotu” egiten dute “azkenean EAJk ere aldaketa-proposamena aurkeztu izana”. Hala, Gipuzkoako bi alderdi nagusiek elkarrekin egingo dute foru araua aldatzeko urratsa. “Gauzak horrela, datorren urriaren 8ko osoko bilkuran, foru arauaren aldaketarako tramitazioari argi berdea emango diote Batzar Nagusiek, Itsaso eta Angiozar tokiko entitate txiki izan daitezen”.
Zelai Amenabarro (Legorreta, 1985) Gipuzkoako EH Bilduren Politika Instituzionaleko arduradunak adierazi du “nahi baino beranduago bada ere, azkenean” Batzar Nagusietan hasiera emango dietela udal barrutien foru araua aldatzeko prozesuari: “Eta horrek esan nahi du behin betiko testua onartzen denean Itsasok eta Angiozarrek aukera izango dutela aspaldiko eskaera bati erantzuteko eta tokiko entiate txiki izateko”.
Aurtengo aurrekariak
Apirilean, Itsaso auzo udal bihurtzeko prozesua Batzar Nagusietan landuko zela jakinarazi zuten, bi alderdien proposamen banarekin. Ekainean, berriz, gai zerrendatik erretiratu zuten, foru arauaren erreforma egikaritzeko bi proposamen ezberdin egoteak prozedura luzatu eta traba egin zezakeelako.













